Jazarpena

Langile bati egindako jazarpen sexuala salatu du Fiasako batzordeak

ELAk, LABek eta UGTk esan dute enpresak «abusu sexuala ezkutatu» nahi izan duela, eta ez duela «arduraz» jokatu zuzendaritzako kide batek emakume langile bati egindako jazarpenaren aurrean.

Langraitzeko enpresaren sarrera. FIASA
xabier martin
2022ko urtarrilaren 19a
11:45
Entzun

«Urteetan» Langraizko (Araba) Fiasako langile batek pairatu duen «abusuaren eta jazarpenaren» berri eman du ELAk, LABek eta UGTk osatutako langile batzordeak. 300 langiletik gora ditu Fiasak; hango arduradun batek jazarri dio lankide bati, sindikatuen arabera, eta, langileak egoera salatu arren, «enpresak ez du inolako neurririk hartu abusatzailearen aurka».

Orain ezagutarazi dituzten gertaerak 2017an hasi ziren; «orduan hasi zen goi kargudun hori lankide bati jazartzen eta sexu abusuak egiten», dio batzordeak. «Emakumeak eraso psikologiko eta fisikoak jasan ditu, baita esaldi sexistak ere, mezu sexualak, sexu abusua lanpostuan, eta abar». Auzia lan auzibidean eta penalean salatu dute jadanik; penalean, auzi saioaren zain daude.

Sindikatuek diote Fiasa «arduragabekeriaz» jokatzen ari dela oraindik ere «sexu-jazarpen kasu oso larriaren aurrean». 2020an, biktima lan baimenarekin eta enpresatik kanpo zela, jazartzen ari zitzaizkiola jakinarazi zion zuzendaritzari. Enpresako zuzendaritzak emakumeari esan zion laneko jazarpenaren kontrako protokolo bati ekingo ziola, baina ez sexu jazarpeneko protokoloari. Dena den, batzordeak ez du jazarpen protokoloren berri izan gaur arte. «Areago, ustez protokoloa abiatu zenean ere, langile batzordeak ez zuen inolako jakinarazpenik jaso».

Ustez erasoak jasan dituen langilearengatik izan ez balitz, langile batzordeak ez zukeen jakingo zer gertatu zen, ezta Fiasako zuzendaritzak zer jarrera izan duen ere. Salatutakoaren aurka zuzendaritzak hartutako «erabaki bakarra» langilea lanpostuz eta eginbeharrez aldatzea izan zen, batzordeak salatu duenez; «bitartean, erasotzaileak bere baldintzei eta estatusari eutsi zien».

Erasotzailea eta biktima, lantoki berean berriro

Baina urrutirago doa enpresak auzi horri eman dion garrantzi eskasa, ustezko erasotzaileari zuzendaritzan toki bat eman baitio enpresak. «Horregatik, enpresaren jokabidea gaitzetsi behar da», dio langile batzordeak, ohar batean: «erasoa jasan duen lankidearentzat erabat bortitza izan da hori ikustea. Zenbait hilabetez lankidea bakartuta eta kaltetuta eduki ondoren, 2021eko irailean zuzendaritzak erabaki zuen lantoki berean berriro elkartzea erasotzailea eta biktima. Ez dauka inongo justifikaziorik, eta erakusten du garrantzia kentzen zaiola auzi oso larri honi, hau da, sexu jazarpenari».

Batzordeak uste du langilea «abusuen menpe» utzi dutela berriro. Horregatik, Langraizko enpresari galdegiten dio «eperik laburrenean lantokirako berdintasun plan bat egitea», eta sexu jazarpenaren eta sexuagatiko jazarpenaren kontrako «protokolo eraginkor bat» jasotzea hark. «Gainera, Fiasak martxan jarri behar du erantzukizunak argitzeko prozedura, enpresa gisa kasua ezkutatu du eta». Ustezko erasotzaileari dagokionez, batzordeak eskatu du, lan hitzarmenak diziplina erregimen argia duenez, hori aplikatzea. «Ez dugu onartuko hain kasu larria halako arinkeriaz hartzea. Aste honetan langileen batzarrera deitu dugu gertatu denaren berri emateko; horiek salatzeko langile batzordeak bultzatuko dituen ekintzak eta dinamika azalduko ditugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.