Bilketa

Nafarroak pandemia aurreko urtean baino %5,8 gehiago bildu du 2021ean

2020an baino %15 gehiago bildu du ogasunak: 4.170,4 milioi euro; alegia, 543,3 milioi gehiago. Zorra ere kitatu du Foru Gobernuak: 465 milioi euro arindu du, eta gaur egun 3.152 milioi euroko zor publikoa dauka.

Elma Saiz Ekonomia kontseilaria Nafarroako Parlamentuan. IÑIGO URIZ / FOKU
xabier martin
2022ko urtarrilaren 19a
12:54
Entzun

Bilketa datuei dagokienez, Nafarroak gainditu du koronabirusak eragindako krisiak, hura lehertu aurreko urtean (2019) baino %5,8 gehiago bildu baitu ogasunak 2021ean. 4.170 milioiko bilketa egin du zergei esker Nafarroako Ogasunak 2021ean, eta horrek esan nahi du pandemiaren gordina jasan zuen urtean (2020) baino %15 gehiago bildu duela, 543,3 milioi euro gehiago. Nafarroako Ekonomia kontseilari Elma Saizek esan du «hobekuntza garrantzitsua» dela, eta ez bakarrik 2020. urtearekin alderatuta, pandemia aurreko azken urtearekin ere bai. Saizek nabarmendu du 2021eko bilketa helburua baino %9,2 handiagoa dela bilketa erreala.

«Osasun egoerak eragindako ziurgabetasun handia egon den arren, 2021ean bilketa maila lehengoratu da, eta hobetu ere bai», esan du. Nafarroako herritarren «konpromiso handia» adierazten dute bilketaren datuek; haren ustez, «kalitatezko zerbitzu publikoen alde». Gainera, bilketa handiak «erkidegoaren zorra apaltzea» ekarriko du. «Ematen du gure ekonomia suspertu egin dela, eta datozen urteetarako hazkundea hasi duela; nahiko nuke hori guztia berrestuz joatea datozen hilabeteetan». Hazkunde horretan Europako Funtsek eginkizun garrantzitsu bat daukatela erantsi du.

Zorra apalagoa

Bestalde, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du 2021ean zorra hein handi batean arindu duela. Exekutiboak465 milioi euro kitatu ditu azken urtean, eta erkidegoak 3.152 milioi euroko zor publikoa dauka. Kopuru hori pandemia aurretik Nafarroak zuena baino txikiagoa da, eta, Saiz kontseilariak azpimarratu duenez, azken zortzi urteetako zorrik apalena da. 2021ean zor ordainketen operazioek ahalbidetuko dute Nafarroak diru kopuru garrantzitsu bat aurreztea interesetan, 33,6 milioi hain zuzen, Saizen arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.