Frantziako Tourra

Frantziako Tourreko bigarren etapak Gasteiz eta Donostia lotuko ditu 2023an

Tourraren 110. aldiko lehen hiru etapak Euskal Herrian barrena jokatuko dira, uztailaren 1etik 3ra bitarte. Lehen etapa Bilbon hasi eta Bizkaiko hiriburuan bertan amaituko da; hirugarrena, berriz, Zornotza eta Baiona artekoa izango da. 

Geraint Thomas liderraren elastikoarekin, ahalegin betean, Senpere eta Ezpeleta arteko erlojupeko proban, 2018ko Frantziako Tourrean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Mikel O. Iribar.
2022ko urtarrilaren 20a
18:49
Entzun

Amaitu dira zurrumurruak. Frantziako Tourreko lehen hiru etapak Euskal Herrian barrena ibiliko dira 2023an, Euskal Irrati Telebistak jakitera eman duenez. Lehenengoa Bilbon hasi eta bertan bukatuko da, uztailaren 1ean. Bigarrengoak Gasteiz eta Donostia lotuko ditu, eta 200 kilometro inguruko ibilbidea izango du, eta hirugarrengoa Zornotza (Bizkaia) eta Baionaren artekoa izango da. Ibilbidearen nondik norako guztiak datorren asteazkenean emango dituzte, Gasteizko Europa jauregian egingo duten aurkezpen ekitaldian, 17:00etan hasita. Christian Prudhomme Frantziako Tourreko zuzendaria ekitaldi horretan izango da. Bestalde, antolakuntzak oraindik ez du aditzera eman Tourreko laugarren etapa Lapurditik irtengo ote den.

2018ko uztailaren 28an jokatu zen azkenekoz Tourreko etapa bat Euskal Herrian; Lapurdin, zehazki. Senpere eta Ezpeleta arteko 31 kilometroko erlojupeko proba izan zen, eta milaka euskal zale egon ziren errepide bazterrean. Tom Dumoulin herbeheretarra nagusitu zen etapa hartan, baina Geraint Thomasek hirugarren egin zuen, eta, emaitza horri esker, txirrindulari galestarra Tourreko garaikurrarekin eta elastiko horiarekin igo zen lehendabizikoz Parisko Eliseo Zelaietako podiumera, Dumoulin bera eta Chris Froome taldekidea alboan zituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.