Innobasqueren tartea

Pandemiari martxa hartu

Teknologiari esker, markesina batean zenbat pertsona dauden zain jakin daiteke, edo erabiltzaileen fluxuaren gailurrei aurrea hartu, Donostiako hiri-autobusek pandemian izan duten esperientziak erakusten duenez. Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako Kasu Praktikoen Bankuko adibideetako bat da Donostiako hiri-autobusena.

Dbus, Donostiako hiri-autobusa. INNOBASQUE
2022ko urtarrilaren 21a
10:26
Entzun

Pandemiaren ondorioz, bereziki kontuz ibili behar dugu espazio itxietan, are gehiago horietan segurtasun-distantzia ezin bada mantendu. Arazo handia izan zen garraio publikoko enpresen kudeatzaileentzat. Lehenik eta behin, erabiltzaileen kopuruaren beherakada bortitzari egin behar izan zioten aurre, eta, konfinamenduaren ondoren, ordu eta ibilbide jendetsuenetan segurtasunaren inguruan beldur zirenen errezeloari. Koronabirusak eragindako ustekabeko egoeretara egokitu eta edozein egoeratan kalitatezko zerbitzua eta lan-baldintza onenak eskaini ahal izateko, azkar eta irudimenez ibili behar izan dute, eta berrikuntza handia eskatu diete; ondo daki hori Donostiako Tranbia Konpainiak, Dbus markaren bidez ezaguna denak.

COVID-19aren agerpenak ezustean harrapatu zuen Gipuzkoako hiriburuko hiri-garraio publikoaren kudeatzailea, digitalizazio-proiektu batzuen garapena eta abiaraztea amaitzen ari baitzen, zerbitzua une bakoitzaren benetako eskarira egokitzeko. Alderdi horrek, bat-batean, eta edukiera kontrolatzeko beharraren ondorioz, garrantzi osoa hartu zuen, eta azeleragailua zapaldu behar izan zuen. Jada ez zen eraginkortasun eta jasangarritasun kontua soilik; orain, erabiltzaileen eta langileen osasuna une oro bermatzea ere bazen kezka.

Dbusek garatutako lehen irtenbideak (Jatorria-helmuga matrizea delakoak) datuen analisia erabiltzen du zerbitzuan dauden autobusen okupazioari buruzko iragarpenak egiteko eta lineetako bat indartzeko beharra egongo den ala ez zehazteko. Datuen bilketa ticketing sistema berritzaileari esker egiten da. Sistema horrek, ordainketa errazteaz gain (contactless banku-txartelarekin edo Bizkaiko eta Arabako garraio-txartelekin ere egin daiteke) eta ibilgailu bakoitzaren okupazioa une oro monitorizatzeaz gain, bidaia bakoitzaren erregistro zehatza egiten du, bidaiari bakoitzak zer ibilbide egiten duen eta zer ordutan adieraziz, adibidez. Konpainiak Tecnosisekin elkarlanean garatutako big data teknologiak eta algoritmoak, informazio horren guztiaren berehalako tratamendutik abiatuta, hiri-autobusen erabileran zer inguruabarrek eta nola eragiten duten zehaztu dezake; horrela, fidagarritasun handiz iragar daiteke zerbitzua non eta noiz indartu beharko den.

Bestalde, konpainiak are gehiago doitu ahal izan du bere egokitzapena une bakoitzeko eskarira, 2019az geroztik jada lantzen ari zen eta estatuan aitzindaria den berrikuntza bati esker: markesinen sentsorizazioa. Horri esker, zehatz-mehatz jakin daiteke geraleku bakoitzean une jakin batean zenbat bidaiari espero diren, eta erantzun azkarra eman daiteke, pilaketak saihesteko. Informazio hori lortzeko arduraduna ikusmen artifiziala da; markesinetan sentsore infragorriak instalatzen hasi da konpainia. Sentsore horiek erabiltzaileen presentzia detektatzen (eta kuantifikatzen) dute, bai markesinan bertan, bai inguruan, eta kontrol-zentroari informazioa ematen diote jaso ahala. Gaur egun, hamabi geltokitan dago teknologia hori.

Azkenik, ibilgailuen eguneroko garbiketara eta desinfekziora ere iritsi da berrikuntza: langarreztagailu motordunekin egiten da (fumigazio-ekipoen antzekoak), eta autobusen barnealde osoa sakon higienizatzea bermatzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.