Enpresak

CAFek 130 milioi euroko kontratua sinatu du Zeelanda Berrian

23 tren elektriko egingo ditu Zeelanda Berriko Auckland hirirako.

CAFen tren elektriko bat, Aucland hirian. CAF
jokin sagarzazu
2022ko urtarrilaren 25a
12:56
Entzun

Zeelanda Berriko Auckland hiriko trenbide sarerako 23 tren elektriko egingo ditu CAFek. 130 milioi euroko kontratua sinatu du, eta 2025aren amaierara arte ibilgailuen mantentze lanak ere hartuko ditu. Horrez gain, beste bost unitate gehitzeko aukera ere aurreikusi dute hitzarmenean. Beasaingo multinazionalak 2011. urtean 57 unitate saldu zizkion Auckland Transport garraio enpresari, eta beste 15, berriz, 2017an.

72 horien antzekoak izango dira unitate berriak. Bakoitzak 380 bidaiari garraiatu ahal izango ditu. Muturretako bi kabinetan eta tarteko unitateetan eramango dituzte motor elektrikoak. Bidaiarientzako kabinek bi ate izango dituzte alboetan. Tarteko unitatea beheko solairukoa izango da, mugitzzeko gaitasun urria duten pertsonei sarbidea errazteko.

CAFek azpimarratu duenez, kontratu berriarekin Ozeanian duen presentzia sendotuko du; izan ere, Zeelanda Berrikoaz gain, Australian «proiektu ugari» adjudikatu dizkiote azken urteotan, bereziki 2010ean han filial bat sortu zuenetik (CAF RAIL Australia PTY LTD). Horien artean nabarmendu ditu Sydneytik gertu dagoen Parramatta hirirako egindako tren arineko hamahiru unitateak eta sare horren mantentze lanak, eta Australia Hegoaldean dagoen Gales Berriko eskualderako egindako tren hibridoaren (diesel-elektrikoa) 29 unitateak. Australiako hiriburu Canberrako metroaren mantentze lanak ere bere esku ditu, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.