Txirrindularitza

Ibilbide gorabeheratsuko hiru etapa atondu ditu Tourrak Euskal Herritik igarotzeko

2023ko lehen hiru etapen berri eman Christian Prudhomme Tourreko zuzendariak Gasteizko Europa jauregian. Hirurak Euskal Herrian korrituko dira. Hirugarren etaparen amaiera non izango den ez du esan Tourrak, nahiz eta aurkezpena baino lehen zabaldu zen Baionan izango dela.

Unai Etxenausia - Ainara Arratibel Gascon
2022ko urtarrilaren 26a
18:56
Entzun

Aurretik filtrazioak egon ziren, eta jakina zen 2023ko Frantziako Tourreko 110. edizioko lehen hiru etapak Euskal Herrian barrena igaroko direla. Gaur, ordea, aurretik esan gabeko xehetasunak eman dituzte Gasteizko Europa jauregian egin duten aurkezpen ekitaldian. Besteak beste, etapa bakoitzak izango dituen ezaugarrien berri eman du Christian Prudhomme Tourreko zuzendariak. Ibilbide gorabeheratsua izango dute hirurek, zaleen gozagarri.

Uztailaren 1ean hasiko da 2023ko Frantziako Tourra. Lehenengo etapa Bilbon hasi, eta bertan bukatuko da.185 kilometro izango ditu. Bidean kostalde malkartsua, eta Urdaibaiko Erreserba zeharkatuko du, tartean Gernika-Lumo bi aldiz igaroko dute. «Oso etapa gogorra izango da, zailtasun bat bestearen atzetik izango duena, eta azken kilometroetan Vivero eta Pike bidea igo beharko dituzte txirrindulariek».

Bigarren etapa, uztailaren 2koa, Gasteiztik abiatuko da, eta Donostian amaitu. Guztira 210 kilometro egin behar ditu tropelak. Arabako goi lautadatik igro, eta Donostiako bidea hartuko du. Ibilbide gorabeheratsua izango du etapak, eta azken kilometroetan Jaizkibel igo beharko dute, baina Donostiako klasikoan egin ohi duten kontrako norabidean.

Hirugarren etapa, Zornotzan hasiko da. Azken egunetan zabaldu denez, etapa hori Baionan amaituko da. Baina aurkezpenean ez du horren berri eman Tourrak. Ezta etapak izango duen luzeera. Bai aurkeztu duten profila, baita bideoa, Irunen amaitu dute. Eta oharrean ondorengoa diote oharrari buruz: «Euskal kostaldea zeharkatuko du hirugarren etapak. 80 kilometro egingo dituzte txirrindulariek itsasertzeko errepideetatik. Donostia bigarrenez zeharkatuko dute, Irundik Lapurdiko bideetara igaro aurretik».

12 milioi euro

Horrelako kirol ekitaldiak ez dira batere merkeak izaten, eta Frantziako Tourra ez da salbuespena. Izan ere, euskal Instituzioek 12 milioi euro gastatuko dituzte guztira. Zazpi erakunderen arteko hitzarmena izango da, eta iragarri dutenez ez da inbertsio pribaturik egongo. Inplikatutako erakundeak Bilboko, Donostiako eta Gasteizko udalak, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundiak eta, Eusko Jaurlaritza bera dira.

Munduko txirrindularitza lasterketarik ospetsuena Euskal Herritik aterako da 31 urte geroago, Donostiatik atera zenetik. Eta pandemia aurretik, 2018ko uztailaren 28an jokatu zen azkenekoz Tourreko etapa bat Euskal Herrian; Lapurdin, zehazki. Senpere eta Ezpeleta arteko 31 kilometroko erlojupeko proba izan zen, eta milaka euskal zale egon ziren errepide bazterrean. Tom Dumoulin herbeheretarra nagusitu zen etapa hartan, baina Geraint Thomasek hirugarren egin zuen, eta, emaitza horri esker, txirrindulari galestarra Tourreko garaikurrarekin eta elastiko horiarekin igo zen lehendabizikoz Parisko Eliseo Zelaietako podiumera, Dumoulin bera eta Chris Froome taldekidea alboan zituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.