Hegazti gripea

Julen Perez: «Nahiago dute leku gutxitan ahate franko ukan, leku frankotan ahate guti baino»

Hegazti gripean positibo eman ondotik, Beti Aitzina etxaldeko ahateak hiltzera joanen da Frantziako administrazioa gaur eguerdian. ELBk ez du hiltzea oztopatuko, baina elkarretaratzera deitu du laborariei babesa erakusteko.

Hegazti gripea dela eta Gobernuak hegaztiak hiltzeko emandako agindua salatzeko manifestazioa, Donapaleun, iazko urtarrilean. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki - Joanes Etxebarria
2022ko urtarrilaren 27a
11:58
Entzun

Orain dela hamabost egun sartu zen hegazti gripea Lohitzüne-Oihergira, eta Beti Aitzina etxaldea zen kabalak bizirik zituen azken hazkuntza. Orain arte ahateak sano ziren, baina atzo beste test bat egin zieten albaitariek, eta egun bukaerarako iritsi zitzaien emaitza: hegazti gripean positibo eman dute. Administrazioko zerbitzuak eguerdian joanen dira etxaldera ahateak hiltzera. ELB sindikatuak ez du hiltzea oztopatuko, eta laborariei babesa erakusteko elkarretaratzea antolatu du 13:30erako.

Administrazioaren agindua onartu badu ere, Julen Perez Beti Aitzina etxaldeko hazlea ez da ados erabakiarekin. «Betiko istorioa da ahate sailean. Frantziako Estatuan bi laborantza mota badira: sail industrialak indar anitz du, eta hark ditu norabideak ematen. Eta bada gurea bezalako etxe ekoizleen laborantza. Modelo batek besteari gaina hartzen dio aspalditik, eta azken urteetan gero eta azkarrago doa», esplikatu du Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan. «Sail industrialak gero eta kabala gehiago ekoizten ditu, gero eta denbora gutiagoan. Beraz, kabala dentsitate handiak badira eremu txikietan, eta Lohitzüne horren froga da. Laborari franko bada sail industrialean lanean ari dena. Haien etxaldeetan sartu da hegazti gripea, eta duten egituraketaren ondorioz etxaldez etxalde iragan da, garraioak baliatzen badituzte».

Beti Aitzina etxaldetik 400 metrora sail industrialean ari den etxalde bat dute. Perez ustez, seguruenik horrela kutsatu dira. «Eta orain iritsi gara ahate guziak hil behar izatera», deitoratu du. «Istorio honetan biktimak gara. Gu lanean ari gara nehori kalterik egin gabe, baina, egun ikusten dugu ez dela posible: sail industrialak egunero mehatxatzen gaitu». Industrialki ari diren etxalde horien funtzionamendua nolakoa den esplikatu du Perezek. «Sail industrialean, ahateak bere bizian lau leku ezberdin ikusten ditu, eta leku horien artean aldi guziz garraioak badira. Etxalde batek ahateak sortzen ditu, beste batek hazten ditu, beste batek galkatzen ditu, eta berriz hartuak dira hiltegi batera eramateko». Ahateek kilometro anitz egiten dituzte horrela. «Hazkuntza hori egituratua duten maneran, nahiago dute leku gutxitan ahate franko ukan, leku frankotan ahate guti baino».

Legedia egokitzeko eskaera

Frantziako Estatuko hego-mendebaldeko eremua aipatzen da ahateen azken krisian; bi milioi ahate hil dituzte jadanik eremu horretan, prebentzioz, eta ondoko asteetan gehiago ere (2,5 milioi ahate) hiltzeko agindua emana du gobernuak. Hegazti gripeak presentzia handia duen herrien zerrenda argitaratu zuten joan den astean, gehien-gehienak Landetan eta batzuk Biarnon. Ipar Euskal Herrian ere, haatik, izan dira kasu positiboak, baita hil dituzten ahateak ere. Abendu hondarrean, Akamarreko (Nafarroa Behera) bi hazleren ahateak positibo agertu, eta prebentzioz hil zituzten. Hilabete hastapen honetan, berriz, eritasuna Lixozeko etxaldeetan (Biarno) sartu zen lehenik, eta Lohitzüne-Oihergira gero.

ELB sindikatuak, hegazti gripearen hastapenetik, eredu industrialaren eta etxalde tipien arteko bereizketa egitea galdetzen du. Aste honetan, berriz, hartu diren neurriak salatuz, aldarri hori errepikatu du sindikatuak: «Gure eskualdeko etxaldeen berezitasuna kontuan hartua izan dadin galdegiten dugu: etxalde tipiak, dentsitate tipiagoarekin eta geografikoki bata bestetik urrun». Bi hazkuntza sistemek, Julen Perezen ustez, ez dute ondorio bera eritasunarekiko: «Aspalditik galdegiten dugu etxaldeak sortzen duen arrisku mailaren araberako legedia plantan ezartzea. Sail luzeko etxaldeek arrisku anitz sortzen dute, eta historiak erakusten digu, urte guztiz horietarik abiatzen baita eritasuna. Eritasuna modelo horretarik abiatzen da, hortik hedatzen da, eta modelo horrek entretenitzen du hiruzpalau hilabetez, kabala guztiak hil artio», trenkatu du Ipar Euskal Herriko Hitzari egindako adierazpenetan.

FDSEA, txertoaren alde

France Bleu irratian berriki egin adierazpenetan, FDSEA sindikatuak txertoaren aldeko parioa egiten du. Esperimentala izanik ere, Franck Laborde departamenduko sindikatu buruak uste du beste bideak mugatuak direla: «Laborariek aterabideak plantan ezarri dituzte, batetik, neurri sanitarioak hartuz hegaztietara doazenean, eta, bestetik, inbertsioak eginez ahateak aterpetzeko hegazti migratzaileak gure eskualdean daudelarik. Agerikoa da neurri horiekin ez dela aski, txertoa da aurre ikusten dugun aterabidea».

Prebentzioan hil diren milaka ahateak aipatzean ere, Laborden ustez, «Neurri onak hartu ziren epidemia kontrolatu ahal izateko», baina orain txertoa bultzatu beharra agerikoa zaio. Hilabete hastapenean Laborantza Ministroari legedia aldatzeko eskatu ziola erran zuen France Bleun, esperimentazioa egitearen kontra baita, oraingoz, Frantziako legea. «Gure informazioen arabera, laborategi batek baditu txerto esperimentalaren 80.000 dosi. Ministroari eskatu diot, gure departamendua hunkia baita, eskala handiko esperimentazio gune bilakatzea. Behar dira txertoak barreiatu, ahalik eta goizenik eskala handiko esperimentazioa egiteko», gehitu zuen.

Txertoa aterabide gisa ikusten duenez galdeturik, Julen Perezek baiezkoan ihardetsi dio Ipar Euskal Herriko Hitzari: «Axuri, zerri, ardi, behi... beste kabala guztiekin egiten da, eta emaitza onak dira», dio lehenik. «Baina saila estrukturatua den bezala txertoa plantan ematen bada, nik uste dut ez dela deus aldatuko. Kabala sobera badira eremu tipi batzuetan, eta garraioen bitartez eritasuna pizten da, eta gero denetan hedatzen», gehitzen du segidan. Tresna gehigarri gisa ikusten du hazleak, eta ongietorria eginen lioke «hiltze prebentiboez ahateak gerizatu» ahal izanen balitu.

Hiltze prebentibo horien kontrako aldarriari segika, eta «ahate, oilo eta oilasko hazle guzien sostengatzeko, kanpoko hazkuntzaren hautua egin dutenen eta talderik handienen manuen peko diren laborari guztien sostengatzeko», ELB sindikatuak manifestazioa antolatu du Donapaleun, ostiralerako,14:00etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.