Osakidetzaren gabeziak «egiturazkoak» dira, ELAren esanetan

Lehen Arretako profesional falta «lan prekaritatearen eta planifikaziorik ezaren ondorio» dira, sindikatuaren ustez.

Joan den igandean egindako mibilizazio, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
gotzon hermosilla
2022ko urtarrilaren 27a
12:47
Entzun

ELA ez dator bat Eusko Jaurlaritzak Osakidetzako Lehen Arretaren egoeraz egiten duen diagnosiarekin, eta ez du uste pandemiak eragindako egoera «koiunturala» denik; aldiz, gabeziak «egiturazkoak» direla pentsatzen dute, eta, Osasun sailburu Gotzone Sagarduik esan bezala familia medikuak eta pediatrak topatzeko «zailtasunak» daudela onartzen duten arren, uste dute zailtasun horiek «Jaurlaritzak azken urteotan hartutako erabaki politikoen ondorio» direla.

ELAren osasun arloko arduradun Esther Saavedrak egiturazko gabezia horietako batzuk zerrendatu ditu. Esan duenez, «belaunaldi erreleboa gauzatzeko erabateko planifikazio falta» dago: «Langileen batez besteko adina 50 urtekoa da, eta, egoera hau iritsiko zela aspalditik ohartarazten ari garen arren, Osakidetzaren erantzuna ezer ez egitea izan da». Bestalde, «profesionalen ihesa» ere badago, Lehen Arretan aritzen diren askok nahiago izaten dutelako beste espezialitate batzuetara, osasungintza pribatura edo atzerrira joatea lan prekaritatearen ondorioz.

Horrez gainera, Osakidetzako langileen erosahalmena %18 murriztu da azken hamarkadan, eta behin-behinekotasuna oso handia da: 2021eko otsailean, Osakidetzako langileen %58 behin-behinekoak ziren. «Osakidetza da EAEko aldi baterako lan enpresarik handiena», esan du Saavedrak.

ELAren Azterketa Bulegoaren arduradun Mikel Novalek esan duenez, hau guztia «Jaurlaritzak aurrekontuen arloan duen politika neoliberalaren ondorio» da. Esan duenez, Jaurlaritzak osasungintzan inbertitzen duena oso urrun dago Europako batezbestekotik: Europako Batasunean BPG barne produktu gordinaren %7,1 bideratzen da osasungintzara, eta EAEn, aldiz, %5,1 baino ez. 2022rako aurrekontuek ez dute egoera hori zuzendu: esan duenez, gaur egun duela hamar urte baino aurrekontu txikiagoa du Osasun Sailak: «Jaurlaritzaren lehentasuna ahalik eta gutxien gastatzea da, eta, praktikan, esan daiteke osasun arloko ditu poltsa izozturik dagoela».

ELAren iritziz, pandemiak lehendik zetorren egoera hau larriagotu baino ez du egin: langileen gaixoaldiak, erretiroak eta bestelako hutsuneak ez dira ordezkatzen, eta bezeroarentzako arreta arloko langileen artean ere lan gainkarga «jasanezina» da. «Sagarduik dio familia medikurik eta pediatrarik ez dagoela, baina administrazio arloko langileak ere ez dira ordezkatzen. Administrazio langilerik ere ez dago kontratatzeko?», galdetu du Saavedrak.

ELAk zenbait neurri proposatu ditu egoerari irtenbidea emateko: osasun arloko gastu publikoa Europako batezbestekoarekin parekatzea, sare publikoa indartzea, 5.000 egiturazko lanpostu gehiago sortzea eta aurrez aurreko arreta berreskuratzea, besteak beste. Hori lortzeko, «mobilizazioa» da ELAk hobetsitako bidea, eta, esan dutenez, Osakidetzan greba baterako deialdia egitearen aukera «mahai gainean» dago: «Mobilizazioa beharrezkoa da, langileena zein herritarrena», esan du Novalek; «kalitatezko osasun zerbitzua izatea ez da soilik Osakidetzako langileen premia, gizarte osoarena baizik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.