Hezkuntza

Espainiako Gobernuak proposatu du irakasle ikasketetara sartu aurretik azterketa bat egin behar izatea

Irakasleen jarduna aldatzeko 24 proposamen aurkeztu dizkie Espainiako Gobernuko Hezkuntza Ministerioak sindikatuei eta autonomia erkidegoei. BERRIAk jakin duenez, Hego Euskal Herrian ere izan dezakete eragina, aurrera egiten badute.

Irakasle bat eskolak ematen, Andoaingo Aita Larramendi ikastolan, artxiboko irudian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2022ko urtarrilaren 28a
16:35
Entzun

Hezkuntzarako hainbat aldaketa proposatzen ari dira azkenaldian, eta, orain, Espainiako Gobernuko Hezkuntza Ministerioa irakasleei begira jarri da. Hain zuzen ere, 24 proposamen egin ditu haien jarduna aldatzeko, eta dagoeneko aurkeztu dizkie autonomia erkidegoetako ordezkariei eta zenbait sindikaturi. Proposamen garrantzitsuenetako bat irakasle ikasketetarako sarbidea aldatzea da: aparteko azterketa bat eginarazi nahi diete Haur Hezkuntza edo Lehen Hezkuntza ikasi nahi dutenei. BERRIAri Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak adierazi dionez, proposamenak autonomia erkidego guztietan izango du eragina, aurrera eginez gero. Departamentuak ontzat jo du proposamen itxia ez izatea, eta egun hezkuntzan ondo funtzionatzen duten praktikak txertatzeko baliagarria izan daitekeelakoan daude.

Dokumentuan jaso dutenez, irakaslegaiei egin asmo dieten proba horrek modua emango du ikasleak hobeto aukeratzeko, eta komunikazio gaitasuna, arrazoiketa kritikoa eta gaitasun logiko eta matematikoak ebaluatu beharko ditu, baita irakasle izateko jarrerak eta konpetentziak ere. HHko eta LHko irakasle ikasketetara sartzeko ez ezik, 12 urte baino gehiago dituzten ikasleen irakasle izateko masterrera sartzeko proba bat ezartzea ere aztertzekoa dela jaso dute dokumentuan.

Zirriborroak aldaketak proposatzen ditu behin azterketa hori gainditutakoan ere. Praktikei garrantzi berezia eman nahi diete, eta horiek aldatu behar direla aipatu dute testuan, «ikasleak gehiago gerturatzeko lanean aurkituko duen errealitatera, eta prestakuntza teorikoa zuzeneko esperientzia batekin aberasteko». Hain zuzen, proposatu dute unibertsitateko ikasketak eta ikastetxeetako praktikak uztartuz egin ahal izatea ikasketak. Hau da, gradu horietako ikasleek ikasketa dualak egin ahal izatea, eta horiek ordaindutakoak izatea. Gainera, irakaskuntza publikoan arituko diren lehen urtean ere praktiketan aritzea nahi dute, eta ikastetxeko zuzendaritzak, ikuskariek-eta ebaluazio bat egitea urte horretan ikusitakoarekin.

Oposizioetan zenbait aldaketa egitea ere jaso dute dokumentuan. Gaiak aldatzea nahi dute, baita haren egitura ere, «orain aintzat hartzen ez diren alderdiak ere baloratzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.