Osasungintza

Medikuntzako eta gizarte laguntzako eragileek protesta egin dute Baionan

Lan baldintza duinak eskatu dituzte. Delegazio bat Departamenduko Kontseiluko ordezkariekin bildu da.

Gizarte eta osasun arloko langileen protesta, Baionan, urtarrilaren 11n. BOB EDME
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko otsailaren 1a
11:59
Entzun

Dozenaka lagun bildu dira Baionan, goizean, medikuntzako eta gizarte laguntzako langileen lan baldintzak salatzeko. Egitura publiko eta pribatuetako langileek bat egin dute protestan. Izan ere, iragan ostiralean, langileek, elkarteek, kudeatzaileek, arduradunek eta sindikatuek mozio bat aurkeztu zuten medikuntza eta gizarte laguntza sektorearen egoera salatzeko, eta elkarlanean aritzeko. Gaurko manifestazioan parte hartzeko deia egin zuten orduan. Manifestazioan, zenbait eragilez osatutako ordezkaritza batek bilkura izan du Departamenduko Kontseiluko ordezkariekin.

Segur erreformaz gero, zaintzaren eta osasunaren arloko langileen artean «bereizketa sistema bat» plantan ezarri dela salatu dute. Izan ere, arloko langile zenbaiten lansaria ez da emendatu. Honela mintzatu zen Donibane Garaziko Medikuntza-psikologiko Zentroko Frantxua Urdanpilleta erizaina, Ipar Euskal Herriko Hitza-n: «Aitzinamendu batzuk ekarri ditu; adibidez, lansarietan. Erizainek irabazi ditugu gutxi gorabehera 220 euro hilabetean. Ez da gutxi, baina ez da aski. Baina Segur horrek ez ditu ekartzen behar diren erantzunak osasunarentzat. Gainerat, aitzinamendu horiek ez dira zabaldu alor guzietan. Azkenean, desberdintasun anitz badira».

Eragileek izenpetutako mozioan, bestalde, salatu dute «bizi mailaren apaltze ekonomikoak, lanaren baitako nekeziaren areagotzeak eta lagundutako publikoaren egoeraren hondatzeak» sektoreko langileen zailtasunak areagotu dituela. Hala, lansarien emendatzea, lan baldintzen hobetzeko eragile guztien arteko hausnarketa sakona egitea, eta publiko lagunduaren araberako langile kopuruen indartzea eskatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.