Lan erreforma

Ezkerreko gobernuak eskuinaren heldulekua izango du Espainiako Kongresuan

Alde bozkatuko dutela jakinarazi dute UPNk eta PDeCATek, eta Ciudadanosen botoekin batera, erreforma aurrera ateratzekoa da bihar, Madrilgo parlementuan. EAJk, EH Bilduk eta ERCk ezezkoa iragarri dute, ez dietelako negoziatzen utzi. Euskal gehiengo sindikalak lantokietara eraman du gaur erreformaren aurkako aldarria.

Pedro Sanchez Espainiako presidentea, Dubain, gaur. ALI HAIDER / EFE
xabier martin
2022ko otsailaren 2a
12:33
Entzun

PSOEk eta Unidas Podemosek «inoizko gobernu ezkertiarrena» osatu dute Espainian askorentzat, baina, bihar, eskuinaren heldulekua izango dute Kongresuan, CEOEk baldintzatu duen lan erreforma baliozkotzeko. Boto guztiak zenbatu arte ez da jakingo legegintzaldiko lege garrantzitsuenak aurrera egingo duen ala ez, hain aldrebesa baita egoera, gobernuak ohiko bazkideak alde batera utzi eta eskuineko babesa bilatu ondoren. Azkenean geometria aldakorra deitu duten horrek bidea zabaltzen badu, Pedro Sanchezen gobernuak helburua lortuko du: «Koma bakar bat ere» aldatu gabe jarraituko du indarrean urte berriarekin batera lan merkatua arautzen duen legeak.

Eta nola lortuko du babes nahikoa dekretua baliozkotzeko? Ariketa konplexu baten bidez, non PDeCAT eta UPN funtsezkoak izango diren. Biak ala biak baiezkora joko dutela argitu dute gaur iluntzean. Bada, orain arte jakinarazitako botoen arabera, 176 baiezko daude dekretua baliozkotzeko. UPNren bi diputatuen eta PDeCATen lauen aldeko botoekin batera, Ciudadanosen eta beste talde txiki batzuenak izango ditu, besteak beste, Mas Pais, Teruel Existe eta Compromisenak. Ezezkoak, berriz, 173 izango dira, batzen badira PP, Vox, ERC, EAJ, EH Bildu, Junts, CUP, Foro Asturias, BNG eta Ciudadanoseko diputatu transfugarenak. Laster ikusiko da ariketa horretan ez dion inork huts egiten gobernuari.

Errelatoa eraikitzeko lanak

Hortik aurrera errelatoa indartzea baizik ez zaio geratuko exekutiboari, zuritzeko baliogabetu behar zuen lan erreforman aldaketa xumeak baizik ez dituela egin CEOE itunera erakartzeko. Errelato hori hasi dira eraikitzen azken orduetan. Yolanda Diaz lan ministroak negoziatzeko «denbora» badela esan zion atzo ERCri, eta «serio» negozitzeko, egin dizkiolako «proposamen batzuk». Segidan erantsi zuen elkarrizketa sozilerako mahaitik atera den idatzia «errespetatu» egiten dutela horiek. Alegia, koma bakar bat ere aldatu gabeko testuaz ari zela berriro. ERCko bozeramaile Gabriel Rufianek garbi erantzun zuen ez dutela «irentsiko» negoziatu gabeko dekreturik. «Errelatoa idazten ari dira jada», esan zuen, «ez dira negoziatzen ari».

Izan ere, PSOEk eskuineko hautua egin du dagoenek, eta horrekin batera ohiko bazkideak alde batera uztea erabaki. Gobernuari arnasa ematen diotenek (ERC, EAJ, EH Bildu) legegintzaldiko lege izarrean ezezkora jotzeak ekar ditzakeen arriskuei aurre egitea nahiago izan du Sanchezek CEOEk erreformaren ituna uztea baino. Presidenteak ez du uste gobernuaren egonkortasunari eragingo dionik.

Baina Unidas Podemos ez dago eroso eskuinaren babesarekin, oso agerian uzten duelako erreformaren arintasuna. Egoera horretan ulertu behar da Diazen azken negoziazio saioak ERCrekin eta EAJrekin, eta ezezkoan daudenak estu hartzeko adierazpen gogorrak. Jakin berri diren langabezia datuetan, kontratu finkoen hazkundea islatu da, eta hori ere estu hartzeko tresna bihurtu da. Diazek azpimarratu du erreformaren ondorioak hasi direla nabaritzen, eta aurka bozkatzen dutenek langileei egindako mesede hori kenduko diela. ERCk mehatxu zuzena jaso du, gainera: Catalunya en Comuk iragarri du babesa kenduko diola Kataluniako Gobernuari ezezkora jotzen badu.

Alderdi abertzaleek, ordea, ez dute negoziatzeko inolako tarterik eduki. EAJko presidente Andoni Ortuzarrek «CEOE bere lekuan» jartzeko eskatu du asteon, negoziazio parlamentario bat egon dadin. Euskal itunak estatukoen gainetik jartzea besterik ez dute eskatu jeltzaleek, 2010ko lan erreforma iritsi arte zeuden moduan; hor jarri dute marra gorri bakarra, baina hori ere ez du aldatu nahi izan gobernuak, patronalaren mehatxupean. Beraz, EAJko diputatuek ezezkoa emango dute, azken orduko negoziazioek ezusteren bat eragiten ez badute, behintzat.

Halaber, EH Bilduren ezetza segurua da, euskal itunen nagusitasuna eskatzeaz gain, kaleratze errazen eta merkeen araudia aldatzeko eskatu baitu, erreformaren muina, PPk goitik behera aldatu zuena langileen kalterako. Hala, Espainiako Kongresuak berretsi dezake, gaur, euskal lan itunek ez dutela segurtasun juridikorik edukiko eta kaleratzeak azken urteetan bezain errazak eta merkeak izango dira aurrerantzean ere.

Gehiengo sindikalaren protestak

Euskal gehiengo sindikalak, berriz, lantokietara eraman du gaur erreformaren aurkako aldarria. Lan zentroetan ez ezik, lau hiriburuetan ere mobilizazioak egon dira, erreforma indargabetzeko eta lan harremanetarako euskal esparrua eskatzeko.ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek milaka langileren protesta bideratu dute. «Lehentasunez bereziki larriak diren bi gai moldatzeko beharra dago», azaldu dute, «euskal lan harremanen esparruari eraso egiten dion estatalizazioa, batetik, eta, bestetik, kaleratze merke eta errazak ahalbidetzen jarraitzeko aukera». Horregatik, 2010eko eta 2012ko lan erreformak erabat baliogabetzea eskatu dute langileek «lan baldintzak prekarizatzeko tresna direlako». Euskal alderdiek «euskal langileen ahotsa eta aldarrikapenak Madrilen defendatzea» beharrezkoa dela diote sindikatuek, eta langileek beren lan eta bizi baldintzak «duintzeko behar dituzten aldaketak» bultzatzea eta defendatzea.

Oso bestelako iritzia plazaratu du Euskadiko CCOOko idazkari nagusi Loli Garciak. ELAri zuzendu zaio bereziki lan erreformaren aurrean gehiengo sindikalak duen jarrera gutxiesteko. «ELAk PPren lan erreforma nahiago du», esan du. ELAk «sindikalismo merkantilista bat» egiten duela ere defendatu du: «Afiliatuentzako aritzen dira bakarrik; ez dute elkartasun sindikalismo bnat egiten, langile guztiei bermeak emateko». Halaber, erantsi du «positiboa» dela Ciudadanosek lan erreforma babestea, «denek babestu beharko luketelako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.