Seaskako ikasleei ukatu egin diete Baxoa eta Brebeta euskaraz pasatu ahal izatea

Bordeleko akademiako errektorearekin batzartu da Seaska, eta erantzun argia jaso dute: ikasleek ezingo dituzte probak euskaraz egin. Gaur giza katea egin dute Baionan, azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea aldarrikatuz.

Azterketak euskaraz asatzeko eskubidea aldarrikatuz Seaskako ikasleek egindako protesta, gaur arratsaldean, Baionan. BOB EDME
Irati Urdalleta Lete.
2022ko otsailaren 4a
18:05
Entzun

Gaur goizean bildu dira Bordeleko akademiako errektorea eta Seaskako ordezkariak, eta erantzun irmoa jaso dute: orain arte bezala jarraituko dute, eta Ipar Euskal Herriko ikasleek ezingo dituzte Brebeta eta Baxoa euskaraz pasatu. Peio Jorajuria Seaskaren lehendakariak erabakia gaitzetsi du: «Hori ez zen batere espero genuen erantzuna. Azken hilabeteetan Parisera joan gara behin baino gehiagotan, eta seinale positiboak eman zituzten».

Azterketak gero eta hurbilago egon arren, Jorajuriaren hitzetan, oraindik badago denbora azterketak euskaraz egiteko antolatzeko: «Teknikoki ez dago arazorik, eskas den den gauza bakarra nahikeria da: errektoreak ez du nahikeriarik, argi esan du goiz honetan ez duela aitzinamendurik nahi».

Horrelako erantzuna jasota, ez daude geldirik egoteko, eta ikasleen eskubideak defendatuko dituztela nabarmendu du Jorajuriak: «Orain Parisera begira arituko gara. Haurren eskubideen ukazio bat ez dugu uzten ahal errektorearen nahikeriaren eskuetan; beraz, gorago joanen gara, eta erantzunak lortuko ditugu, erantzun baikorrak».

Seaskako ikasleen aldarrikapen historikoa da azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea, eta gaur bertan ere horren aldeko protesta bat egin dute, Baionan.Hain zuzen ere, hainbat ikastolatako ikasleek eta kideek giza katea egin dute geltokiaren eta suprefeturaren artean. Azterketak euskaraz egiteko duten eskubidea eskatzearekin batera, hainbat irakaslek aste honetan jaso dituzten zigorrak ere gaitzetsi dituzte. Hala esan du Jorajuriak: «Aste honetan ukan dugun erantzun bakarra zigorra izan da. Hori onartezina da». Pasa den ekainean, hainbat irakaslek bat egin zuten ikasleek azterketak euskaraz pasatzeko duten eskubidearekin, eta frantsesez egindako Brebetako zientzietako azterketak zuzentzeari uko egin zioten. Orain, soldata zati bat kendu diete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.