Abiadura Handiko Trena

AHTa Bilbon eta Gasteizen sartzeko lanak «arintzea» hitzartu dute

Bi hiriburuetan trenbidea lurperatzeko protokoloak sinatu dituzte gaur. Dokumentuetan ez dute finantziazioa zehaztu, ezta obrak amaitzeko epeak ere.

Protokoloen sinadura ekitaldia, gaur, Gasteizen. RAUL BOGAJO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko otsailaren 9a
20:50
Entzun

AHT abiadura handiko trena Bilbon eta Gasteizen sartzeko protokoloak sinatu dituzte gaur Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak, bi hiriburuetako udalek eta Arabako Foru Aldundiak, Gasteizen. Aurrez alde guztiek hitzez hartutako konpromisoak idatziz jaso dituzte dokumentuetan: hala nola, bi hiriburuetan geltokiak lurperatzea eta lan horien kudeaketa Eusko Jaurlaritzaren esku uztea. Akordioekin AHTa Bilbon eta Gasteizen lur azpitik sartzeko lanak «arintzeko» «urrats garrantzitsua» egingo dute, agintari guztiek nabarmendu dutenez.

Protokoloetan, baina, ez dute zehaztu obrak noiz egongo diren amaituta. Raquel Sanchez Espainiako Gobernuko Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda ministroa soilik ausartu da gutxi gora beherako data bat ematera: «2026 hondarrean edo 2027 hasieran». Obren kostua eta finantzaketa ere zehaztu gabe dago dokumentuan. «Gaur ez da horretaz hitz egiteko unea», esan du Joan Mari Aburto Bilboko alkateak.

Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkaritzan egin dute bi protokoloen sinadura ekitaldia. Pozarren agertu dira agintari guztiak. Arriolak «aurrerapauso garrantzitsutzat» jo du akordioa, eta «Euskadirentzat eta Espainiarentzat egun garrantzitsua» dela erantsi du Sanchezek. Zuhurrago mintzatu dira bi alkateak: urteetako «atzerapenen» ostean «hitzetatik ekintzetara» igarotzeko unea dela ohartarazi dute.

Protokoloak ofizialki jasotzen du bi hiriburuetara trena lur azpitik sartuko dela. Gasteizko kasuan, Pedro Asua kaletik Salburuko bulebarreraino 3,61 kilometroko trenbidea lurperatuko da, bidaiarientzako zabalera estandarreko bi bide eta merkantzien trafikorako eta distantzia ertainerako bide bat eraikiko dira. Horrez gain, Dato kaleko lurpeko geltoki berria eta Arkautiko korapiloaren lanak kudeatuko ditu Jaurlaritzak. Halaber, protokoloak jasotzen du AHTren Burgos-Gasteiz zatia eraikitzeko proiektuak apirila baino lehen lizitatuko dituzte.

Bilboren kasuan, Basaurin behin-behineko geltokia eraikiko dute lurpeko azpiegitura eraiki bitartean. Bilboko zatia kudeatzeko, bi lantalde eratuko dituzte: bata Abandoko geltoki berrirako, eta bestea Basauriko behin-behineko geltokirako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.