Bankuen emaitzak

Laboral Kutxaren irabaziak %24,4 handitu ziren iaz

Kreditu kooperatiba horrek 108,8 milioi euro irabazi zituen, eta ia hogei ordaindu zituen zergetan. Bezeroen berankortasuna %2,8ra jaitsi zen, sektoreko batezbestekotik behera.

Laboral Kutxaren bulego bat. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko otsailaren 18a
12:30
Entzun

Laboral Kutxak 108,8 milioi euroko irabazi bateratuarekin amaitu zuen iazko ekitaldia. Pandemia ostean indarrez suspertu zen, eta %24,4 handitu zuen kopuru hori 2020arekin alderatuta. Urte ona izan zen, besteak beste, kreditu inbertsioen zorroa %4,8 handitu zuelako, bezeroen aurrezki baliabideak %8,3 hazi zirelako eta %13,3 hipoteka kreditu gehiago eman zituelako. Horien ondorioz, 19,9 milioi euro ordaindu zituen zergetan.

Laboral Kutxa sendo dago, CET1 neurgailua banku erakundeen kaudimen ahalmena aztertzen duen ratioa da, eta %21,81eko batezbestekoa du. Haren datuen arabera, sektoreko batezbesteko handiena da. Emandako finantzaketaren eta hartutako gordailuen arteko erlazioak %63,56ko ratioa du. Alegia, kreditu zorroak «osasun ona» du, eta horren erakusle da bezeroen berankortasuna %2,80ra apaldu izana. Sektoreko batezbestekoa %4,22 da.

Interes marjina jaitsi egin zen iaz, eta haien bitartez lorturiko dirua 2020an baino %5,8 gutxiago izan zen. Laboral Kutxak, baina, harekiko menpekotasun txikiagoko eredu baterantz jo nahi du. Bide horretan, inbertsio funtsen eta aurreikuspen planen saila %14,4 hazi zen iaz; komisioena, %16,45; eta ordainbideetatik eta beste kobrantza zerbitzu batzuena, %15,5. Aseguru negozioan ere gorakada izan zuen: %3,3. Oinarrizko marjina gordina 410,5 milioi eurokoa izan zen.

Laboral Kutxak biltzen dituen bezeroen baliabideak 28.304 milioi eurorenak ziren iazko ekitaldiaren amaieran. Urtean zehar %8,3 handitu zen kopuru hori. Aurrezki kontu eta antzekoen kopurua %6,8 handitu zen, eta inbertsio funtsen saldoak %21,7 igo ziren. Aurreikuspen eta pentsio planen saldoa %7,1 handitu zen, eta etxebizitza kredituak %13,3 ugaritu ziren. Aldiz, etxeko kontsumorako finantzaketa eskaerak %0,2 gutxitu ziren.

Azken asteetan zeresana ematen ari da adinekoen bezeroen arreta. Laboral Kutxak 60 urtetik gorako bezeroentzako doako telefono linea esklusiboa indartu du. Bulego ereduari dagokionez, eredu hibridoarekin jarraituko du: aurrez aurrekoa eta digitala batuz. «Jauzi digitala» bulegoetako tratu pertsonalarekin uztartzea da haren helburua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.