Indarkeria matxista

60 urtera arteko zigor eskaera, emaztea eta amaginarreba hiltzea egotzita

Defentsak zigorra zortzi urtera jaistea eskatu du, akusatuak «buru nahasmendua» zuela argudiatuta.

Hilketa matxista salatzeko Gasteizko Mugimendu Feministak deitutako manifestazioa 2018ko apirilean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Julen Aperribai.
2022ko otsailaren 28a
16:54
Entzun

Bikotekide ohia eta haren ama hiltzea egotzita, gizon bat atxilotu zuten 2018an Gasteizen, eta gaur hasi da haren kontrako epaiketa Arabako Probintzia Auzitegian. Fiskaltzak 50 urteko kartzela zigorra eskatzen du akusatuarentzat, genero eta ahaidetasun larrigarriak dituen hilketa egotzita; Clara Campoamor elkarteak (herri akusazioa), 60koa. Defentsak, aldiz, zigorra zortzi urteko espetxealdira mugatzea nahi du, argudiatuta akusatuak «buru nahasmendua» zuela eta hilketa ez, baizik eta giza hilketa egin zuela.

Akusatuak haren abokatuaren galderei soilik erantzun die gaurko saioan. Esan du «egoera depresiboan» zegoela hilketaren unean, horren ondorioz lanean bajak hartu behar izan zituela eta suizidio saiakera bat ere egin zuela. Egoera horren arrazoia emazte ohiarengandik banantzea izan zela gaineratu du. Hilketaren inguruko xehetasunak ere eman ditu. Haren bertsioaren arabera, gertaeraren egunean emaztearen etxera joan zen, emazteak eta amaginarrebak bultza egin zioten, eta horrek «burua galtzera» eraman zuen. Ondoren, gainean zeraman labana atera zuen, eta «gertatu behar zuena gertatu zen». Labana bere buruaren kontra erabiltzeko asmoa zuela erantsi du, eta horregatik zeramala gainean.

Oso bestelakoa da fiskaltzaren bertsioa, zeinek bere akusazioan dion akusatuak ez zuela jasan emaztea beragandik banandu izana, ezta haren amak hori galarazi ez izana ere, eta horregatik erabaki zuela biak hiltzea. Gaurko saioan, fiskalak esan du saiatuko dela erakusten genero arrazoiengatik hil zituela eta egiten ari zenaren kontziente zela. Aitortu du instrukzio fasean ez dela frogatzerik izan akusatua "ankerkeriaz" aritu zela, baina, epaiketan frogatuta geratuz gero, zigor eskaerari larrigarri hori gehituko diola ziurtatu du.

Ildo beretik, hildakoen sendiaren abokatuak defendatu du akusatuak bazekiela zer egiten ari zen, «kontziente» zela. Emaztearen familiarekin harreman txarra zuela azaldu du. Hala baieztatu du emaztearen anaiak ere, eta erantsibere emazteak beldurra ziola gizonarengandik banantzeari, akusatuak egin zezakeenagatik.

Bihar jarraituko du epaiketak, eta zenbait lekukok deklaratuko dute. Martxoaren 9an edo 10ean amaitzea espero da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.