Espainiako Kopa

Realari Bartzelona egokitu zaio Kopako final-laurdenetan

Kanporaketa partida bakarrera jokatuko da, martxoaren 15, 16 edo 17an Zubietan. Bartzelonak ez du partidarik galdu denboraldi honetan, eta zenbaki ikusgarriak pilatzen ari da.

ainara arratibel gascon
2022ko martxoaren 4a
15:47
Entzun

Inork nahi ez zuen aurkaria egokitu zaio Realari Espainiako Kopako final-laurdenetan: Bartzelona. Zozketa eguerdian egin da Madrilen, eta zoriak bizkar eman dio Natalia Arroyoren taldeari. Kanporaketa norgehiagoka bakarrera jokatuko da, martxoaren 15,16 edo 17an. Gaindituz gero, txuri-urdinek Kopako Lauko Finala jokatuko dute, maiatzeko azken asteburuan, Madrilen.

Aurreko denboraldian bezala, Bartzelona zenbaki ikusgarriak pilatzen ari da. Ligan jokatutako 22 partidak irabazi ditu. 125 gol sartu ditu, eta sei bakarrik jaso ditu. Realak ondo daki arerioaren gogortasuna. Ligan jada jokatu ditu haren aurkako bi norgehiagokak, eta bietan bizkarrekoa jaso zuten txuri-urdinek. Lehen itzulian, Bartzelonan, 8-1 galdu zuten; bigarren itzulian, berriz, 1-9 Zubietan. Nahiz eta azken neurketa horretan, Natalia Arroyorenek lehen zati txukuna egin zuten. Baina zelai erditik aurrera kataluniarrek duten kalitateak, ahalmen fisikoak eta abiadurak partida erabaki zuten. Atzean ere talde oso sendoa da. Bertan jokatzen du Irene Paredes erdiko atzelari legazpiarrak, baita ere Alexia Putellas urrezko baloiak.

Realak eta Bartzelonak final-zortzirenetan ekin zioten txapelketari. Txuri urdinek 1-2 azpiratu zuten Vila-Real. Nerea Eizagirrek sartu zituen bi golak. Bartzelonak, berriz, Rayo kanporatu zuen: 1-3. Arroyok honela aztertu du kanporaketa. "Argi dago nahiago genuela beste aurkari bat. Baina gauza onei erreparatu nahi diet: etxean jokatzen dugu, eta ilusioa eta motibazioa eragiten du halako aurkari bat aurrean izatea. Haiek ere gertu dute berriz Txapeldunen Ligan lehiatzea, eta hainbat jokalari dituzte min hartuta. Ea zein talde ekartzen duten".

Arroyok jokalariek nola hartu duten azaldu du. "Aukera bat bezala ikusten dute, eta haien aurka jokatutako bi partidetan ondo egin genituen gauzetatik abiatuta ahalik eta lan txukunena egiten ahaleginduko gara",

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.