Bretoierazko kanta batek ordezkatuko du Frantzia Eurovisionen

Turinen izango da aurtengo jaialdia, maiatzaren 10etik 14ra bitartean. Alvan & Ahez taldea da Frantziako Estatuaren hautagaia, eta Fulenn abestia kantatuko du.

Alvan & Ahez taldea. @EUROVISION
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko martxoaren 7a
20:59
Entzun

Bigarrenez entzungo da bretoiera Eurovision jaialdian; izan ere, bretoierazko kanta batek ordezkatuko du aurten Frantziako Estatua. Alvan musikariak eta Ahez ahots hirukoteak osatzen duten Alvan & Ahez taldea da Frantziaren hautagaia. Folka eta musika elektronikoa uztartzen ditu taldeak, eta Fulenn abestiarekin hartuko dute parte jaialdian, maiatzaren 14an, Turinen (Italia).

1996an abestu zuten bretoieraz lehenengoz Eurovisionen: Dan Ar Braz & L'Heritage des Celtes taldea izan zen, Diwanit bugale abestiarekin. Frantsesaz gain, bretoiera ez da estatuak jaialdian erabili duen hizkuntza bakarra: 1993n eta 2011n, esate baterako, korsikeraz kantatu zuten Frantziako Estatuko ordezkariek. Lehenengo, Patrick Fiorik abestu zuen Mama Corsica, eta, handik hemezortzi urtera, Amaury Vassilik Sognu abestia kantatu zuen.

Alvan & Ahez taldeak, gainera, zeresana eman du sare sozialetan: jaialdiko hainbat jarraitzailek Galiziako Tanxugueiras taldearekin alderatu dituzte. Izan ere, Twitterreko hainbait erabiltzailek adierazi dutenez, bi taldeen jantziek eta eszenaratzeak elkarren arteko antzekotasunak dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.