Futbola

Ainhoa Tirapuk prest dauka Emakumezkoen Futbol Liga zuzentzeko hautagaitza

Atheticeko atezain ohiak Dolores Martelli kudeatzailearekin batera osatu du taldea, "independentea". Emakumezkoen futbola "garatzea" nahi dute, "geratuta" ikusten baitute.

jarraia210541.jpg
Aitor Manterola Garate.
2022ko martxoaren 8a
17:51
Entzun

Ainhoa Tirapu etengabean dabil emakumezkoen futbola bultzatu nahian, eta Lagunak-eko eta Athleticeko atezain moduan zelaian egin zuen lan hori. Orain, bulegoetan are gehiago jarduteko garaia dela iritzita, Emakumezkoen Futbol Liga zuzentzeko hautagaitza aurkeztuko duela iragarri du gaur, Dolores Martelli kudeatzailearekin batera (Espainiako Federazioan emakumeen futbolaren zuzendari ohia, besteak beste). 'Futbolaren alde bat eginik" izena jarri diote hautagaitzari. Atezain ohiak honela azaldu du zein izango den oinarria: "Aurreneko hautagaitza independentea da, eta emakumezkoen futbola garatu nahi dugu, inklusioan eta kontsentsuan oinarrituta. Banatu ez, batu egin nahi dugu".

Tirapuren nahia da "modu jasangarrian" garatzea hazkundea, eta ez "unean-unean". Duela bi urt,e lan hitzarmena negoziatzen aritu zen, eta uste du harrezkero geldituta dagoela emakumezkoen futbolaren hazkundea: "2015etik martxa ona hartu genuen, baina iruditzen zait azkeneko bi urteetan ez dugula aurrera egin. Aukera paregabe bat alferrik galtzeko arriskua daukagu". Aurrerabidean gauza onak egiteko oinarria badela uste du: "Esperientzia daukagu, eta sekulako talentua, garatu egin beharko genukeena".

Bidean aurkitzen ari diren oztopoei ere egin die aipamena: "Esperientzia handia daukat, eta alde guztietan egon naiz. Oztopoak egon dira gure futbolaren hazkundean, eta bada garaia produktu independente bat sortzeko, enpresentzat erakargarria izango dena bultzada hori emateko".

Futbol Liga eratu gabe dago oraindik. Onartu egin behar dizkio estatutuak Espainiako Kirol Kontseilu Gorenak, eta hori egindakoan zabalduko da hauteskunde prozesua. Hautagaitza balekoa izateko, lau kluben abala behar dute Tirapuk eta Martellik: "Lortuko dugula uste dut", adierazi du nafarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.