Txirrindularitza

Euskaltel eta Kern Pharma Espainiako Vueltan izango dira, baina ez Caja Rural

Talde laranjak iazko parte hartzea errepikatuko du, eta Kern Pharma lehen aldiz izango da Vueltan. Caja Rural hamar urtez jarraian izan da lasterketan, baina aurten ez du gonbidapenik jaso. Hiru etapa igaroko dira Euskal Herritik.

Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak, iaz, Espainiako Vueltaren aurkezpen ekitaldian, Burgosen. MANU BRUQUE / EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko martxoaren 14a
15:24
Entzun

Euskaltel-Euskadik bigarren urtez jarraian hartuko du parte Espainiako Vueltan. Hala baieztatu du gaur lasterketaren antolakuntzak. Gonbidapena jaso du beste euskal talde batek ere, Kern Pharmak, eta Burgos BH espainiarra izango da azken talde gonbidatua. Ondorioz, hiru euskal talde ariko dira aurten Espainiako Vueltan: Movistar, UCI World Tourreko taldea delako; eta Euskaltel-Euskadi eta Kern Pharma, antolatzaileek gonbidatu dituztelako. Lehen aldia izango da talde nafarrarentzat.

Kanpoan geratu da, beraz, Caja Rural. Talde nafarrak hamar urtez jarraian hartu du parte Vueltan, baina aurten ez da irteeran izango, ez baitu gonbidapenik jaso. Kolpe latza izan daiteke taldearentzat, itzuli handi batean egoteak ikusgaitasun handia ematen baitu.

Euskaltelek sare sozialetan ospatu du gonbidapena: «Eskerrik asko beste urte batez gure balioa munduko talde onenen aurrean erakusteko aukera ematearren», idatzi dute. Euskaltelek, bere aurreko aroan, etenik gabe hartu zuen parte Vueltan 1994tik 2013ra. Iaz itzuli zen lasterketara.

Kern Pharmak, berriz, idatzi du harro eta eskertuta daudela: «Egia bilakatutako amets bat da, gorenean jarraitzeko motibazio bat. Eskerrik asko posible egin duzuen guztioi».

Ibilbidea

Aurten, Espainiako Vuelta Utrechten (Herbehereak) hasiko da, abuztuaren 19an, eta Madrilen amaituko da, irailaren 11n. Hiru etapa igaroko dira Euskal Herritik, eta haietako bik irteera eta amaiera ere izango dituzte bertan: Gasteiz-Laguardia abuztuaren 23an, Irun-Bilbo 24an, eta Bilbo-Pico Jano (Espainia) 25ean.

Irudiaren deskribapena

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.