Realak 0-3 galdu du Bartzelonaren aurka Kopan

Txuri-urdinek ezin izan dute finalerdietarako txartela lortu. Bigarren zatian erabaki da kanporaketa.

Realaren eta Bartzelonaren arteko partidako irudi bat. JON URBE / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2022ko martxoaren 16a
23:18
Entzun

Realak 0-3 galdu du Bartzelonaren aurkako Espainiako Kopako final-laurdenetako lehia. Kopako kanporaketek beti uzten dute ezusterako tartea, eta, aukera apurrak izanagatik, balentria egiteko esperantzarekin zelairatu dira txuri-urdinak. Parean ez zuten aurkari makala, ordea: txapelketa guztietan emaitza ikusgarriak lortzen ari den Bartzelona, hain zuzen –asteburuan liga irabazi zuen–. Kataluniarrek ez dute sorpresarako aukerarik eman, eta 0-3 nagusitu dira. Beraz, Kopatik kanpo geratu dira txuri-urdinak.

Denboraldi aparta egiten ari da Natalia Arroyoren taldea, baina geldiezin dabil aurten Bartzelona, aspektu guztietan nagusi. Duen maila berretsi du, beste behin, eta txuri-urdinek ezin izan diote eutsi katalanen erauntsiari. Planteamendu nahiko defentsiboa egin du hasieran Realak, aurkariaren joari eusteko asmoz, atzean itxita. Ordea, hamargarren minutua bete aurretik iritsi da kolpea. Katalanek sareetara bota dute izandako lehen aukera: eskuin hegaletik egindako erdiraketa bat bakar-bakarrik errematatu du Claudia Pinak, eta 0-1ekoa ezarri markagailuan.

Ez du amore eman Realak. Zartatekoak esnatu, eta pauso bat aurrera ematea erabaki du. Segidan etorri da partida berdintzeko aukera garbiena; Amaiur Sarriegiren jaurtiketa, baina atezainak gelditu du. Hegalekoaren oinetatik pasatu da txuri-urdinek lehen zatian sortutako arrisku gehiena.

Lerroak luzatu ditu Realak, eta ireki egin da partida. Zaleei gustatzen zaien traza hartu du lehiak: aukerak bi areatan eta erritmo bizia, baloia ondo eta zentzuarekin mugituz. Bartzelonak makina bat aukera izan ditu aurreneko zatian partida bideratuta uzteko, baina ez du asmatu, eta bizirik iritsi da Reala atsedenaldira. Gainera, min egiteko gai dela erakutsi du, eta, hala jarraituta, jakitun zen bere aukerak izan ahal zituela.

Bestelakoa izan da, ordea, bigarren zatia. Hasi eta gutxira etorri da kolpea, 53. minutuan. Sareetara joan da Alexia Putellasek zutoin albora botatako jaurtiketa, eta ilundu egin zaie bidea txuri-urdinei; hortxe amaitu zaie erregaia, baita lehia iraultzeko esperantzak ere.

Beste abisu bat eman du Bartzelonak, eta hurrengo erasoan utzi du erabakita kanporaketa. Berriro Putellas protagonista. 2021eko Urrezko Baloiaren garaileak duen kalitatearen zantzuak eman ditu: area kanpoan baloia hartu, jokalari bati izkin egin, eta gol ikusgarria sartu du, jaurtiketa indartsu batekin. Ezin izan du ezer egin Elene Letek. 59. minutua zen.

Azken txanparaino abaguneren batekin iristea zen txuri-urdinen nahia, baina ez dute lortu. Lanean jarraitu duten arren, nabari zen ihes egin diela kanporaketak, eta erritmoa galdu du partidak. Apurka itzaliz joan da Bartzelona ere. Azkenean, 0-3 amaitu da neurketa, eta txapelketatik kanpo geratu da Reala. Baina dena emanda, eta sentipen onekin; lehiatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.