Migrazioa

Bidasoan desagertutako migrantea bilatzeari utzi diote

Bost egun zeramatzaten migratzailearen bila. Ertzaintza kasua ikertzen ari da oraindik. Igandean mobilizazioak egingo dituzte Pasaia eta Donostia artean.

Gertaera salatzeko pasa den astelehenean eginiko mobilizazioa, Behobiako zubian. JON URBE / FOKU
2022ko martxoaren 17a
10:05
Entzun

Bertan behera utzi dute joan den larunbatean Bidasoa ibaian desagertutako migrantearen bilaketa. Hala jakinarazi zuen Ertzaintzak atzo iluntzean. Larrialdi zerbitzuetako langileak larunbatetik ibili dira desagertutako gizonezkoaren bila, baina, bost egunean haren arrastorik topatu ez dutenez, bilaketa lan guztiak bertan behera utzi dituzte. Hala ere, nabarmendu dute Ertzaintza kasua ikertzen ari dela eta horretan jarraituko duela.

Arrazakeriaren kontrako zenbait plataformak mobilizazio gehiago egingo dituzte igandean, Pasaia (Gipuzkoa) eta Donostia artean. Besteak beste, Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) mugako migratzaileei egiten zaien «kontrola» salatuko dute.

Korridore humanitarioak, «denentzat»

Astelehenean ere ehunka lagun bildu ziren Behobiako zubian. Iraungo Harrera Sareak deitu zuen elkarretaratzera, eta «denentzako» korridore humanitarioak eskatu zituzten. Elkarretaratzean, Harrera Sareak Hendaia (Lapurdi) eta Irun (Gipuzkoa) artean ohikoak diren kontrol askotarikoak jo zituen erruduntzat, eta ziurtzat eman zuen migratzailea hila dela: «Muga ixteak gazte baten migrazio prozesua Bidasoa ibaian amaitzera behartu du, berriro ere». Bestalde, Aintzane Lasarte Etorkinekin elkarteko kideak argitu zuen halakoak ez direla «istripuak»: «Muga ireki behar dugu». Nabarmendu zuten ez dela «onargarria» gertatu dena, ez bailitzateke halakorik pasatuko migratzaileek bertzelako bideetatik ibiltzeko aukera izanen balute.

Ipar eta Hego Euskal Herriko erakundeei «beharrezkoa den korridore humanitarioa bermatzeko» eskatu die Harrera Sareak. Salatu dute, izan ere, Ipar Euskal Herriko sareetako kideak ari direla korridore humanitario horien «ardura» hartzen: «Eta azken hilabeteetan Poliziaren jazarpena jasan dute; antolakuntza eta egitura solidarioak kriminalizatzen ari dira». Datu bat ere eman dute: urtea hasi zenetik bi boluntario atxiki dituzte polizia etxean.

Ikusi gehiago:Behobiako zubia itxi dute, «denentzako» korridore humanitarioak eskatzeko

Ez litzateke lehena

Oroitu dute iaz zazpi lagun hil zirela Euskal Herrian migrazio bideetan. Iazko abuztuan, kasurako, Abdulaye Koulibali izeneko gazte ginear bat hil zen ibaia gurutzatu nahian, eta azaroan, Sohaibo Billa Boli Kostako jatorriko herritarra. Aurtengo urtarrilean, berriz, migrante batek femurra hautsi zuen Irungo trenbidean, Frantziako Poliziarengandik ihesean zela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.