Zahar etxeak

Bizkaiko zahar etxeetako langileek aldundiaren «arduragabetasun larria» salatu dute

ELAk eta LABek deitu dute protestara, eta adierazi dute egoera aldatzeko «ezinbestekoa» dela Bizkaiko Foru Aldundiaren inplikazioa.

ELAk gaur goizean egin duen eserialdia. @ELASINDIKATUA
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko martxoaren 17a
13:49
Entzun

Greba eguna dute gaur Bizkaiko zahar etxeetako langileek, ELA eta LAB sindikatuek deituta. Besteak beste, eserialdiak egin dituzte, eta haien lan baldintzak hobetzeko Bizkaiko Foru Aldundiaren inplikazioa eskatu dute. ELAk, esaterako, Aldundia erakusten ari den «arduragabetasun larria» salatu du; adierazi duenez, Diputazioak «ez du bere gain hartzen» berezkoa duen ardura.

ELAk deitu duen hirugarren greba eguna da, eta eserialdia egin dute 11:30ean, Deustuko zubian; zenbait aldarrikapen ere zintzilikatu dituzte bertan. Horrekin batera, Gesca, Lares eta Elbe patronalek erakutsitako «interes faltari buruz» aritu dira: «Patronalek ez dute zerbitzuaren, enplegu baldintzen eta ratioaren hobekuntzaren alde apusturik egin nahi». Horrez gain, Bilboko Ugasko plazan, Gizarte Ekintzaren egoitzan, zaintza ereduaren «erabateko aldaketa» eskatu dute langileek. Besteak beste, enpleguaren egonkortasuna eta langileen presako kontratazioa eskatu dizkiote Bizkaiko Foru Aldundiari.

LABek, berriz, eserialdia egin du Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean, eta hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzeko eskatu dio. Izan ere, sindikatuaren ustez, aldundiaren inplikazioa «ezinbestekoa» da gatazka konpontzeko. Hori horrela, langileen lan baldintzak sektore publikokoekin parekatzea eta egungo ratioa lehenbailehen berrikustea eskatu du LABek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.