Hezkuntza

129 ‘bullying’ kasu atzeman ditu Jaurlaritzak, aurreko urtean baino 29 gehiago

2020-2021eko ikasturteko datuak eman ditu Hezkuntza Sailak.

Maite Ruiz eta Lucia Torrealdai, gaurko agerraldian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2022ko martxoaren 18a
13:52
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskoletan izandako salaketen %13 berretsi dituzte jazarpen gisa. Gero eta bullying kasu gehiago ikertzen eta detektatzen dira, «arloan sentsibilizazio, trebakuntza eta ezagutza handiagoa dagoelako», Eusko Jaurlaritzaren arabera. 2020-2021eko ikasturtean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan 966 salaketa aztertu zituzten ikuskariek, eta %13 eskola jazarpen gisa identifikatu zituen: 129 kasu izan ziren, aurreko ikasturtean baino 29 gehiago. «Zalantzarik txikiena ere aztertzen dugu; zorrotzagoak gara kasu posibleak identifikatzean», azaldu du Lucia Torrealdaik, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Aniztasun eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendariak, gaur Bilbon datuok emateko eginiko agerraldian.

«Fenomeno konplexua da eskola jazarpena, faktore askotakoa, eta esku hartzeak sistemikoa izan behar du, eremu eta eragile guztiekin jarduteko», gogorarazi du Torrealdaik. Azken urteetan hezkuntza komunitatean egindako lana goratu du, eta horri egotzi dio zenbakiek gora egin izana. Izan ere, 2009-2010eko ikasturtean 89 jazarpen salaketa aztertu zituzten; 2015-2016koan, 487, eta iaz, ia mila. «Gehiago bilatzen dugun neurrian, kasu gehiago aurkitzen ditugu», adierazi du Maite Ruiz Hezkuntza Ikuskaritzako buruak. Torrealdaik nabarmendu du horrek ez duela esan nahi eskoletan bortxa gehiago dagoenik, baizik eta hezkuntza komunitatea trebatuago dagoela horiek atzemateko: «Lehen, batez ere familiek detektatzen zuten; orain, eskoletan kasu gehiago atzematen dira».

Hala ere, aztertutako kasuen artean jazarpen gisa konfirmatutakoen proportzioa ez da neurri berean handitu: 2009-2010ekoan 89tik 32 izan ziren, eta, iaz, 966tik 129; azken urteetan, %12-14an mantendu da bullying gisa berretsitakoen portzentajea. «Portaera oldarkor guztiak ezin dira jazarpen gisa hartu; botere desoreka bat egon behar da, mina egiteko intentzioa, pertsonalizazioa eta errepikapena denboran», ohartarazi du Torrealdaik. 2020-2021eko ikasturtean atzemandako jazarpen kasuetatik 78 bigarren hezkuntzan gertatu ziren, eta 51, berriz, lehen hezkuntzan.

Jazarpen molderik ohikoenak hitzezko erasoak dira, eta, ondoren, bakartze soziala. «Eraso fisikoak gutxitzen ari dira; ikusgarritasun txikiagoa duten jazarpen formak erabiltzen dituzte», esplikatu du Ruizek. Ildo horretan, ziberjazarpenak gora egin du: 41 kasu izan ziren 2020-2021ekoan, aurreko ikasturtean baino hamasei gehiago. «Espero izatekoa zen, kontuan izanda batik bat pandemian asko areagotu dela sare sozialen erabilera», esan du Torrealdaik.

«Ikasketa» prozesu bat

Edonola ere, Jaurlaritzako arduradunek azaldu dute jazarpen auzi gehienak «ondo» bideratzen dituztela. «Behin identifikatuta, ahalik eta azkarren jardun behar dute ikastetxeek: egoera landu, bizikidetza positiboa sustatu eta eragile guztiak ahaldundu», berretsi du Ruizek. «Ikasketa» prozesu bat da, haren hitzetan, baita erasotzaileentzat ere: «Ikasi behar dute min egitea ez dagoela ondo, ez dela onargarria».

«Gure helburua da eskola seguruak eratzea, gero eta arrakala gutxiago uztea jazarpenari. Kalitatezko bizikidetza sustatuko duten estrategiak eta tresnak eman behar zaizkio hezkuntza komunitateari». Torrealdaik gogora ekarri du Bizikasi programak xede hori duela. Prebentzioa lantzeko eta trebakuntza emateko, bullying-aren aurkako taldeak osatu dituzte ikastetxe publiko guztietan, eta formakuntza eman diete hala eskatu duten itunpeko zentroei: «Urte hauetan egindako lana oparoa bezain eraginkorra izan da». Nabarmendu du «curriculum sozioemozional propioa» ondu dutela, «bizikidetza positiboa eta zaintzaren eta tratu onaren kultura» lantzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.