Athletic 1-1 Getafe

Athletic, Europatik urrutiago

Talde zuri-gorria hobea izan da Getaferen aurka. Baina ez du baliatu bisitariek azken 25 minutuetan jokalari bat gutxiagorekin jokatu dutela, eta bana egin du.

ainara arratibel gascon
2022ko martxoaren 18a
23:18
Entzun

Athleticek urrutiago du datorren denboraldian Europan egotea. Aurreko igandean Betisen aurka galdu ostean, aukerak nabarmen gutxitu zitzaizkion. Bada, gaur, Getaferen aurka berdindu ostean, are gehiago zaildu zaio aukera hori. Bisitariak aurretik jarri arren, zuri-gorriak gai izan dira partida berdintzeko, Yuriren gol bikain bati esker. Hobeto jokatu dute, eta azken 25 minutuetan jokalari bat gehiagorekin jokatu dute. Baina azken txanpa horretan argitasuna galdu dute, Getafek partida ixten jakin du, eta Athletici bi puntu oso baliotsuk egin diote ihes.

Aurreko denboraldian gertatu bezala, Getafek neurketa hasi eta berehala hartu du aurre, Enes Unalek gola sartu baitu hirugarren minutuan. Korner baten ostean, baloia Djeneri ailegatu zaio, eta erdiraketa ona egin du. Saltoan Unal Vesga baino biziago ibili da, eta ez du huts egin. Partida maldan gora. Iaz, azkenean Athletic gai izan zen partida iraultzeko, eta nola, gainera: 5-1.

Gaur ere buelta eman ziezaiokeela zirudien. Minutuak aurrera joan ahala hobea izan da. 7.minutuan Iñaki Williamsek gertu izan du berdinketa. Gonzalo Villarrek galduta baloia ederki berreskuratu du aurrelari zuri-gorriak, abiaduraz areara iritsi da, eta haren eskuinkadari ederki erantzun dio Soria bisitarien atezainak. Athletic ondo aritu da, bizi eta zuzen jokatuz. Minutuak aurrera joan ahala haren nagusitasuna handitzen joan da. Getafe talde sendoa da defentsan, baina Quique Sanchez Flores entrenatzaileak zelai erdi erasokorrago baten alde egin du, Oscar, Gonzalo Villar eta Aleña bezalako jokalariak hasieratik zelairatuz. Beraz, partida ez da hain itxia izan, espainiarren aurkakoak izaten diren moduan. Athleticek nahiko erraz topatu ditu zuloak. Getafe zuri-gorriek egindako hutsengatik iritsi da Unai Simonen atera, eta pare bat abagune izan ditu aldea handitzeko.

Zuri-gorrien lehen aukera garbia 26. minutuan iritsi da. Muniainek bikain jaurtitako falta bat Vivianek errematatu du buruz, eta berriro ere Soriak gelditu oso ona egin du. Ezin izan du, ordea, ezer egin 10 minutu geroago, Yuriren errematearen aurka. Iñaki Williamsek pase sakon oso ona eman dio, eta hegaletik bizkor sartuta gol ikusgarria egin du ezkerrez. Lehen zatiko azken minutuetan Athleticek nagusi izan da berriro ere. Baina ezin izan du golik sartu eta atsedenaldira aurretik iritsi.

Bigarren zatia ere bizi hasi du talde zuri-gorriak. Baina San Mames mutu geratu da, eta 57. minutuan Damianek bizkarrera pasea eman dio Oliveirari. Vivianek eta Yerayk zalantza egin dute, eta Getafeko jokalariak gola sartu du. Baina, VAR-arekin kontsulta egin ostean, Gil Manzano epaileak baliorik gabe utzi du. Handik 10 minutura, beste jokaldi eztabaidagarri bat, oraingoan beste aldean. Sancetek aurrea hartu dio Cuencari. Hark areako arrastoan heldu egin du Sancet. Jokalaria arean erori da. Hasieran, Gil Manzanok penaltia adierazi du, baina, VAR-ean begiratu ostean, erabakia aldatu du: txartel gorria Cuencari, eta falta area kanpoan.

Athleticek 25 minutu zituen jokalari bat gehiagorekin. Marcelinok Villalibre, Nico Wlliams eta Raul Garcia zelairatu ditu. Baina futbolean esan ohi da aurrean jokalari gehiago izateagatik ez dela hobeto eraso egiten. Eta hori pasatu zaio talde zuri-gorriari. Aldaketekin apur bat ordena galdu du, eta Sancet eta Iñaki Williams gabe abiadura apur bat galdu du. Getaferen zelaian eta area inguruan jokatu bai, baina aparteko minik egin gabe. Bisitariak lehen zatian baino erosoago aritu dira atzean, eta, haientzat puntuak zuen balioa kontuan hartuta, ez dute arriskatu. Hala, minutuak pasatuz joan dira, eta, epaileak bederatzi minutu luzatu arren, berdinketan amaitu da neurketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.