Pogacar ez da ariko Itzulian, eta Roglic izango da faborito

Ez da iazko buruz burukoa ikusi ahal izango. Roglicekin batera, hauek dira izen nagusiak: Remco Evenepoel, Julian Alaphilippe, Adam Yates, Geraint Thomas, Pello Bilbao eta Ion Izagirre.

ainara arratibel gascon
2022ko martxoaren 24a
15:47
Entzun

Euskal Herriko Itzulia hasteko hamar egun eskas falta dira, eta antolatzaileek azken xehetasunak eman dituzte. Tadej Pogacar (UAE) ez da irteera arrastoan egongo. Horrenbestez, ez da iazko buruz burukoa ikusiko Primoz Roglicekin (Jumbo Visma). Roglicentzat izan zen iaz garaipena, eta aurten ere bera da lasterketa irabazteko hautagai nagusia. Harekin batera, goi mailako parte hartzea prestatu dute Itzuliko antolatzaileek. Hauek dira izen esanguratsuenak: Remco Evenepoel eta Julian Alaphilippe, (Quick Step) Adam Yates eta Geraint Thomas (Ineos), Pello Bilbao (Bahrain) eta Ion Izagirre (Cofidis). Guztira 23 taldek eta 160 txirrindularik osatuko dute tropela.

Lasterketa apirilaren 4an hasiko da. Aurreneko etapa, Hondarribikoa (Gipuzkoa), 7,5 kilometroko erlojupekoa izango da, eta Alde Zaharreko harbidea ere igaro beharko dute txirrindulariek kilometro batean. Lehen hiru kilometroak azkarren egiten dituenak jantziko du mendiko maillota bigarren etapan. Bigarrengo saioari Leitzan (Nafarroa) emango diote hasiera, eta, 207 kilometro egin ondoren, Vianan (Nafarroa) bukatuko da. Etaparik luzeena izango da. Ihesaldiak osatzeko egokia da ibilbidea. Litekeena da haizeak jotzea Lodosatik helmugara bitarteko tartean, leku haizetsua baita, eta adi ibili beharko dute txirrindulariek.

Hirugarren etapak 191 kilometro izango ditu, eta Laudio eta Amurrio lotuko ditu, Araban. %20ko aldapak ere igo beharko dituzte etapa horretan. Nahiko etapa gogorra da. Altube igo beharko dute, besteak beste. Zirkuitu bati bi buelta eman beharko dizkiote, eta Ozeta birritan igo beharko dute. Errepide estuak daude ibilbidean, gorabeheratsuak. Laugarren egunean, Gasteiz eta Zamudio (Bizkaia) artean arituko dira, eta185 kilometro osatuko dituzte. Viveroko gaina ezagutuko dute, igoera berria, helmugatik 19 kilometrora. Gorabeheratsua da etapa hori ere, aldapa gora eta behera ibili beharko duten horietakoa.

Azken-aurreko jardunean, Zamudiotik Mallabira (Bizkaia) joan beharko dute, eta 163 kilometro egin beharko dituzte. Itzuliko ezuste gisa izendatu du Erasok Mallabiko helmuga, 800 metroko aldapa pikoa. 3.000 metroko desnibela izango du. Azkeneko etapa, ohi bezala, Eibar eta Arrate artekoa izango da, Itzuli horretako laburrena eta etapa nagusia, 135 kilometrokoa. Bi bider igo beharko dute Arrate: lehendabizikoan, Azitain aldetik, eta azkenekoan, ohiko errepidetik. 4.000 metroko desnibela izango du. Etapa guztietan gainsariak izango dira helmugan (10, 6 eta 4 segundo), baita tarteko helmugetan ere (3 segundo, 2 eta 1).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.