Lan osasuna

Legebiltzarrak PSOEri leporatu dio amiantoaren funtsa «desitxuratzea»

Substantzia horrekin lan egin eta gaixotutakoak laguntzetatik kanpo uzteko eskatu dute sozialistek. PSE-EEk hitzeman du atzera egingo dutela.

Amiantoarekin lan egin zuten CAFeko beharginen bikotekideak, agerraldi batean. JAGOBA MANTEROLA (FOKU)
jokin sagarzazu
2022ko martxoaren 24a
16:57
Entzun

Eusko Legebiltzarrak Espainiako Kongresuari eskatu dio ez dezala «desitxuratu» amiantoaren biktimak konpentsatzeko funtsa. Kexu agertu da hitzemandako epeak ez direlako betetzen ari, eta, bereziki, PSOEk aurkeztutako zuzenketa batengatik agertu da haserre: horren arabera, amiantoaren eraginpean lan egin duten langileek funtsetik kanpo geratu beharko lukete. PSE-EEk aitortu du lanean ari direla Madrilgo kideek atzera egin dezaten. Era berean, bat egin du Eusko Legebiltzarrean EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk aurkeztu duten legez besteko proposamenarekin, zeinak Madrili eskatu dion «jatorrizko proposamenaren espiritua errespetatzeko». PPk babestu egin du testua, eta Vox abstenitu da.

Espainiako Gobernuak konpentsazio funts bat sortzeko egitasmoa Eusko Legebiltzarrak 2017an adostutako testu batean oinarritzen da. Aurretik, beste bitan eraman du eskaera Madrilera, baina batean zein bestean ez du aurrera egin, epe edo forma arazoak argudiatuta. Azkenean, Kongresuak iazko apirilean onartu zuen egitasmoari bide ematea, eta taldeak zuzenketak aurkezten ari dira orain.

PSOErenak dio laneko arrazoiengatik minbizia eragiten duen substantzia horren eraginpean lan egin eta gaixotu diren pertsonek konpentsazioetatik kanpo geratu beharko luketela, argudiatu duenez, Gizarte Segurantzak eta laneko arriskuen prebentziorako sistemak jada «babes berezia» ematen dielako, haien patologiak gaixotasun profesionaltzat hartzen dituztelako. Amiantoaren kontrako borrokan ari diren taldeek, baina, ez dute iritzi bera, eta gogorarazi dute kasu gehienetan auzitara jo behar izan dutela aitortza eta kalte ordainak lortzeko.

Asviamie eta Adavan elkarteen arabera, Hego Euskal Herrian gutxienez 15.000 langile egon dira amiantoarekin harremanetan 80ko hamarkadatik aurrera, eta 900 hildako inguru zenbatu dituzte; hamazazpi iaz. Aurreikuspena da 2023tik aurrera kopurua handituz joatea, gaixotasuna hamarkada batzuk geroago agertzen baita, langileak erretiratuta daudenean nagusiki. Horrez gain, nabarmendu dute, beharginen arropa garbitzean kutsatutakoak ere badaudela, etxekoandreak bereziki, eta lantegien inguruan bizi eta amianto zuntzak arnasteagatik gaixotu direnak, 1960-1980ko hamarkadetan egindako eraikin eta industrialde askotan baitago substantzia hori. Jatorrizko testuak biktima horiek ere aintzat hartzen ditu.

Indarrean behar zuen

Legebiltzar taldeek gogorarazi dutenez, konpentsazio funtsak indarrean egon behar zuen jada. Konpromiso hori hartu zuen Espainiako Gobernuak iazko azaroan. Aurtengo aurrekontuen negoziazioan akordio bat lortu zuen EH Bildurekin, aurten 25 milioi euro jartzeko, eta bi hilabeteko epean funtsa abian jartzeko.

Legebiltzarreko eztabaidan, EAJko Maitane Ipiñazarrek atzerapenak salatu ditu, eta Madrili eskatu dio ez dezala «tentaziorik izan» jatorrizko testua desitxuratzeko. EH Bilduko Eba Blancok PSOEren «ustekabeko ziaboga» gaitzetsi du, eta eskatu dio zuzenketa kentzeko eta egitasmoari lehenbailehen bide emateko. Elkarrekin Podemos-IUko Jon Hernandezen hitzetan sozialistek «traizioa» egin diote biktimei, Eusko Legebiltzarrari eta PSE-EEri berari. Jon Garcia Asviamie elkarteko bozeramaileak, berriz, esan du poztu egingo direla PSOEren jarrera aldaketa baieztatzen denean. «Ordura arte zuhurrak izango gara», ohartarazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.