22. Korrika

Bihar abiatuko da Korrika

Amurrion emango diote hasiera, 16:30ean. Egun osoko jaia osatu dute. BERRIAk zuzenean emango du hasiera ekitaldia bihar, eta lekukoaren ibilbide guztia Donostiara heldu arte, euskarazko hedabideen arteko elkarlanari esker.

21. Korrika Amurriotik igaro zen uneetako bat. AEK KORRIKA
Jone Bastida Alzuru.
2022ko martxoaren 30a
14:56
Entzun

Heltzear da askok hainbeste esperotako eguna. Bihar hasiko da Korrika, Amurrion (Araba), Hitzekin lelopean, eta apirilaren 10ean amaituko da, Donostian. Euskarari hauspoa ematea du helburu egitasmoak. Egun osoko jaia antolatu dute biharko, eta festa giroa izango da nagusi.

16:30ean abiatuko da Korrikaren 22. aldia. Aurrez, baina, ekitaldi nagusia egingo dute Amurrioko plazan. Herriko AEK-ko sei irakaslek eramango dute lekukoa lehen kilometroan. Nabarmendu zutenez, horrek islatuko du, alde batetik, euskaraz bizitzeko kemena, eta, bestetik, Amurrion euskalduntze lanak aurrera egiteko Korrikak hauspo izan nahi duela.

Lasterketa abiatzerako, hainbat ekitaldi antolatu dituzte, eta musikak hartuko ditu Amurrioko kaleak: 10:00etan txupinazoa botako dute, eta, ondoren, txistulariak, trikitilariak, Korrika txikia eta beste izango dira. Arratsalderako eta iluntzerako ere antolatu dituzte ekintzak, hainbat kontzertu tartean.

Hitzekin da aurtengo Korrikaren goiburua, eta antolatzaileek «hitzez ekitearen» garrantzia nabarmendu dute: «Ekintza nahitaezko dugu eragiteko: enpresen euskara plan eta arauetan, pantailak euskaraz gozatzeko, baxoa eta brebeta euskaraz egiteko, belaunaldi berriek erabil dezaten, arnasguneetan, administrazioan...». Hala, azpimarratu dute euskarak euskaldun «(pro)aktiboak» behar dituela aurrera egiteko, «konbentzimendutik ekintzara, praktikara, jauzi egingo dutenak».

Ikusi gehiago:Korrika debekatu egin dute Madrilgo Chamberi barrutian

Jarraipena

Euskarazko komunikabideek 22. aldiaren jarraipen berezia egingo dute, eta kilometro guztiak ikusi ahalko dira Internet bidez zein telebistaz: BERRIAk eta beste hainbat hedabidek —hala nola Hamaikak eta EITBk— streaming bidez emango dute Korrikaren ibilbide osoa. Komunikabideek zuzeneko saio berezia egingo dute lehen eta azken egunetan.

BERRIAk, gainera, luze eta zabal emango du Korrikaren berri, eta webgunean atal berezia izango du; Julen Aperribai kazetaria eta Olatz Artola multimedia arduraduna Korrikaren furgonetan joango dira.

Berria telebistan Ekin! saioa egingo dute egunero: 08:00etan, ibilbidea zabalduko dute sare sozialetan; 10:00etan, bideo kronika bat egingo dute Aperribaik eta Artolak —aurreko egunak zer eman duen eta egunak zer dakarren aztertuko dute—; 16:00etan, elkarrizketaren txanda iritsiko da, eguneko Kilometro eta protagonista berezi batekin; eta 20:00etan, musikari batek egindako kanta emango dute. 11 musikarik sortuko dituzte kantak: STR-k, La Basuk, Eneko Axpek, La Furiak, Maite Arroitajauregik, Leire Etxezarretak, Ines Osinagak, Eneritz Furyakek, Nahia Zubeldiak, Odei Barrosok eta Gartxot Unsainek.

Gainera, webgunean mapa interaktibo bat egongo da erabilgarri: Korrika non dabilen eta egun bakoitzean nondik nora ibiliko den kontsultatu ahalko da. Argazki bildumak ere zabalduko ditu. Papereko edizioan, berriz, Julen Aperribairen kronikak irakurri ahalko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.