EAE-ko hezkuntza ituna

ELAk uste du hezkuntza itunak Madrilek «inposatutako marko arautzaileari» men egin diola

Sindikatuak alderdi politikoei egotzi die akordioa «langileen bizkar» bideratzea eta hobekuntzak lortzearen «itxurak egitea». Hezkuntza sisteman trantsizioa eskatu du, eta proposamen zehatzen berri eman.

Hezkuntzari buruzko eztabaidan, langileen iritzia kontua hartzea eskatu du ELAk. RAUL BOGAJO / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2022ko apirilaren 4a
13:47
Entzun

ELA sindikatua oso kritiko agertu da Eusko Legebiltzarreko alderdiek erdietsitako hezkuntza itunaren inguruan. «Egungo hezkuntza sistema betikotzea» egotzi dio akordioari, eta alde horretatik, «Espainiako Estatuak inposatutako marko curricularrari eta arautzaileari» men egitea: «Esparru normatiboa eztabaidatu gabe, euskal lege eraldatzaile bat egin daitekeen ustea fikzio hutsa da». Sindikatuak sare publikoan zein itunpekoan dituen ordezkariek agerraldia egin dute gaur Bilboko egoitzan, eta beren proposamenaren berri ere eman dute: «Lan baldintza egokiak izango dituen sare bakarreko hezkuntza sistema propioa, euskalduna, publikoa, inklusiboa eta plurala».

Egungo hezkuntza sistemaren diagnostikoa egin du ELAk: «Patronalek, indar politikoek eta gobernuek urteetan adostutako erabakien ondorioz, ikasleak euskalduntzeko gero eta zailtasun handiagoak daude, eta sistema gero eta uniformatzaileagoa, merkantilistagoa eta segregatzaileagoa da». Sindikatuko kideen ustez, itunak ez ditu arazook konponduko. Alderdi politikoei leporatu diete euren helburu nagusia izatea «akordiorako gaitasuna erakustea» eta hobekuntzak lortzearen «itxurak egitea», baita dokumentuan «literatura eta abstrakzioa» erabiltzea ere, «eduki bera bakoitzak nahi bezala interpretatu ahal izateko».

ELAk uste du hezkuntza sistemak trantsizio bat abiatu behar duela, eta prozesu horretan langileak kontuan hartu behar dira, orain arteko eztabaidak «langileei bizkarra emanez» egin direlakoan. Etorkizuneko sistema horrek «eskumen eta curriculum esparru propioak» izango lituzke, inbertsio handiagoa (BPGaren %6 helburu), lan baldintza «egokiak» eta segregazioa desagerrarazteko neurri zehatzak (besteak beste, matrikulazio bulego bakarra eta jardueren eta ekipamenduen kontrola aipatu ditu). Era berean, ELAren proposamenen artean ageri dira euskarazko murgiltze eredua abiatzea eta sare bakarra ezartzea: «Egungo sare banaketa gainditu eta publikoa izango den sare bakarrerako trantsizio neurriak diseinatzea; besteak beste, borondatea luketen eskolak publifikatzeko marko egonkor bat ezartzea».

Hala, eduki horiek etorkizuneko legean txertatzeko «mobilizatu» egin beharko duela uste du sindikatuak, eta ez du baztertu greba egitea ere. Steilasek ostegunerako deitu duen lanuztearekin ez du bat egin, baina ondorenari begira jarri da Miren Zubizarreta hezkuntzako arduraduna: «Ez nuke esango batasun sindikala erabat hautsi denik. Bidea luzea izango da, eta, Hezkuntza Legearen edukiak baldintzatu nahi baditugu, indarra egin beharko dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.