Koronabirusa

Apirilaren 20tik aurrera toki itxi gehienetan ez da maskara jarri beharko Hego Euskal Herrian

Garraio publikoetan, zentro sanitarioetan eta soziosanitarioetan derrigorrezkoa izango da oraindik ere. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi du bat egiten duela proposamenarekin.  

Gizon bat taberna batean maskararekin. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko apirilaren 6a
13:43
Entzun

Toki itxi gehienetan maskara ez da nahitaezkoa izango Hego Euskal Herrian hilaren 20tik aitzina. Garraio publikoetan, zentro sanitarioetan eta soziosanitarioetan derrigorrezkoa izango da oraindik ere. Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak apirilaren 19an onartuko du erabakia, eta egun bat geroago sartuko da indarrean.

Alerten Lantaldeak gaiari buruz ondutako dokumentua aintzat harturik hartu du erabakia Espainiako Gobernuko Osasun ministerioak, eta horren berri eman dio gaur Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak Espainiako Osasun Sistemaren Lurralde Arteko Kontseiluari. Gaur arratsaldean berretsi du erabakia Osasun Sistemaren Lurralde Arteko Kontseiluak. Dariasek esan du «logikoa» zela neurria hartzea, egoera epidemiologikoak eta txertaketak era ematen duelako.

Behin betiko erabakia Ministroen Kontseiluak hartuko du, eta maskararen erabilera arautzeko indarrean dagoen legea errege dekretu bidez aldatuko du horretarako. Apirilaren 20an sartuko da indarrean arau berria, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean.

Alerten Lantaldeak egindako dokumentuak maskara «arduraz» erabiltzea gomendatzen die talde zaurgarrietako herritarrei, eta «aholkatzen» du metro eta erdiko distantzia gorde ezin denean eta aireztapen ona ez dagoen lekuetan ere erabiltzea, hala nola merkataritza guneetan, supermerkatuetan, dendetan, zinemetan, museoetan edo tabernetan. Era berean, modu egokian egurasteko aukerarik ez badago eta langileen artean tarte nahikorik ez badago, lantokietan erabiltzen jarraitzea gomendatzen dute.

Eusko Jaurlaritza, alde

Lurralde Arteko Osasun Kontseiluan parte hartu dute Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak eta Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ohar bidez jakinarazi du bat egiten duela proposamenarekin, adituek adostuta dagoelako, eta uste duelako edozein erabaki hartu aurretik ezinbestekoa dela adituen iritzia jakitea. Hala ere, Sagarduik gaurko bileran bere desadostasuna agertu du Alerten Lantaldeak egindako zirriborroa behin betiko dokumentu gisa igorri zaielako erkidegoetako arduradunei, aurrez aztertzeko aukerarik izan gabe eta Osasun Publikoaren Batzordetik igaro gabe.

Atzo, Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Santos Indurainek baztertu egin zuen barrualdeetan maskara kolpean kentzea, eta neurria «apurka» leuntzea hobetsi zuen. Hala ere, adierazi zuen hori egiteko garai egokia Aste Santuaren ostea dela, oporraldian harreman gehiago izaten direlako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.