Innobasqueren tartea

Ura, mesedez, kalitate-datuekin

Barakaldoko Aquaradar start-up-ak datuen analitika aplikatzen dio uraren kudeaketari, eta tresna bat garatu du uraren kalitatea kontrolatu ahal izateko; horrek abantaila handiak dakarzkio elikagaigintzari. Haren adibidea Innobasqueren Kasu Praktikoen Bankua osatzen dutenetariko bat da.

Aquaradar enpresak garatutako tresnak, uraren kalitatea kontrolatzen du. INNOBASQUE
2022ko apirilaren 6a
14:53
Entzun

Ura funtsezko elementua da industria askorentzat. Batzuek energia-iturri gisa baliatzen dute (batik bat, lurrun bilakatzeko); beste batzuetan, ezinbestekoa da prozesuetako batzuetan hotza edo beroa transmititzeko, eta beste batzuek etengabe egon behar dute instalazio edo ekipamenduak higienizatzen. Beste kasu batzuetan, haien amaierako produktuaren osagai nagusietako bat da. Eta, burura datorkigun lehen kasua elikagaigintzarena bada ere, ez da bakarra. Pentsatu duzu inoiz zenbat ur dagoen leungarri-poto batean edo jarabe-flasko batean?

Aquadat 2016an sortu zen, Barakaldon, datuen analitikaren aukerak uraren kalitatearen kontrolei aplikatzeko. 2020an, BIND 4.0 start-up-ak azeleratzeko programan parte hartzea erabaki zuen; egitasmo horretan, Spri Taldeak enpresa berriak EAEko konpainia handiekin parekatzen ditu, haien jardueraren edozein alderdiren hobekuntzan berehalako aplikazio-proiektuak eskatzeko. Bertan, Aquadaten soluzioen gaineko interesa erakutsi zuen Norbegak, Coca-Cola European Partners enpresak Galdakaon botilatzeko duen instalazioak. 

Bertatik, urtean ia 770.000 metro kubiko ur igarotzen dira, sistematikoki analizatu beharrekoak, freskagarriak egiteko behar den kalitatearen parametroak betetzen dituela bermatzeko. Beraz, prozesuaren funtsezko alde bat da. Orain arte, kontrol horiek laginketa konbentzionalen bidez egiten ziren. Horrek esan nahi zuen kontrol horietako batek emaitza txarrak ematen bazituen laginari zegokion ura ekoizpen-faseetakoren batean egongo zela, eta, beraz, isurtze bilakatuko zela. 

Prozesu hori ahalik eta gehien bizkortzeko eta berehalakotasuna emateko, Aquadatek Aquaradar instalazioaren premietara egokitu zuen alerta-sistema goiztiarra, laborategi tradizionalen analisien informazio bera eskaintzeko aukera ematen duena, baina denbora errealean. Horretarako, instalazioaren funtzionamendua sakon ezagutu eta haren premiak zehaztu ondoren, lehenengo eta behin sentsore batzuk instalatu zituen, tangetan sartzen den edateko ur guztia parametrizatzeko, zenbait faktore neurtzeko, hala nola uraren PHa, uhertasuna edo disolbatutako oxigeno-mailak, eta toxikoak dauden detektatzeko. Bildutako datu guztiak tratatu egiten dira ondoren. Hau da, informazio erabilgarri bilakatzen dira, unean bertan erabakiak hartzeko.

Hala, esate baterako, ura tangetan sartu ahala analiza daiteke, eta, beraz, edozein elaborazio-fasetara igaro aurretik. Hasierako une horretan elementu monitorizaturen bat ez bada ezarritako estandarretara egokitzen, Aquadatek pentsatutako sistemak hornikuntza eteteko aginduko du berehala, eta, hala, tangak ez dira beteko, eta ura alteraziorik gabe itzuliko da.

Aquaradarren arrakastaren ondorioz (egindako instalazioa hilabete bakar batean amortizatu zen), Coca-Cola European Partners botilatzeko instalazioan uraren kudeaketa integral osoari aplikatzea aztertzen ari da, isuriak barne. Bestalde, Aquadati aukera eman dio beste bezero batzuk bilatzeari ekiteko, bai nazio-mailako merkatuan, bai nazioarte-mailakoan, erabat eskalagarria den soluzio hori eskaintzeko, zeinak uraren kalitatearen kontrola merkatu, optimizatu eta sistematizatzen baitu, eta dagoeneko beste ekoizpen‑fase batzuk kontrolatzen dituzten datuen bilketarako eta analitikarako softwareekin sinkroniza baitaiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.