Euskal Herriko Itzulia

Pello Bilbaok irabazi du hirugarren etapa

Amurrioko helmugan hamabost laguneko taldea sartu da, lasterketako indartsuenak, eta esprintean Gernika-Lumokoak aurrea hartu dio Julian Alaphilipperi.

jarraia211891.jpg
Aitor Manterola Garate.
2022ko apirilaren 6a
17:44
Entzun

Pello Bilbaok garaipen handia lortu du: Itzuliko hirugarren etapa (Laudio-Amurrio, 181 km). Etxeko lasterketan eskuratu duen lehendabizikoa da Amurriokoa. Hamabost txirrindulari indartsuenak bat eginda sartu dira helmugara —Adam Yatesek matxura izan du azken kilometroan, eta horrek utzi du taldetxotik kanpo—, eta esprintean Gernika-Lumokoa nagusitu da. Julian Alaphillippe izan da bigarren, eta Aleksandr Vlasov hirugarren. Gainsaria ere eskuratu du euskal herritarrak, eta 10 segundo lortu ditu. Horrekin, lehen etapan izan zuen galeraren zati handi bat berreskuratu du, eta 19 segundora jarri da sailkapen nagusian. Ion Izagirre zortzigarren izan da.

Sailkapen nagusian Primoz Roglic dago oraindik ere buruan. Remco Evenepoel bost segundora dago, Aleksandr Vlasov 14 segundora, Adam Yates 18ra, eta Pello Bilbao 19ra. Ion Izagirre 20ra dago. Bihar laugarren etapa dute, Gasteiz eta Zamudio artean (185 km).

Etapa bihurria izan da, aurreikusten zen bezala. Eguneko ihesaldian hiru ziklista ibili dira: Jan Polanc, Hugo Houle eta Cristian Rodriguez. Azkeneko horrek iraun du gehien. Ozeka gaina bi aldiz zapaldu behar izan dute, eta bigarrengo igoeran egin du galbahea Ineosek, Yatesen joari esker. Hark eraman ditu atzetik beste hamabost ziklista. Indartsuenak azkenean. Hala ere, multzo hori ez da osorik izan igoeran. Izan ere, gero garaile izan den Pello Bilbao, adibidez, ez da lehendabiziko ahaleginean sartu taldetxoan. Ezta Evenepoel ere, etapa amaieran zeresana eman duena. Kontuak kontu, baina, hamaseikoa osatu da, eta elkarrekin egin dituzte Ozeka gainetik Amurriora arteko kilometroak.

Tarte horretan, saiakera batzuk izan dira taldea hausteko. Pello Bilbaok pare bat egin ditu, Vlasovek ere egin du berea, baina Roglicen taldekide Jonas Vingegaard zintzo ibili da zaintzaile lanetan. Saialdi guztiak utzi ditu hutsaren pare. Etapako garaipena taldetxoaren oinetan zegoen, eta bakoitzaren indar eta abilezian. Evenepoel eta Alaphilippe ibili dira solasean, bi taldekideen artean zer antolatuko amaieran. Flandiar gazteak ederki egin dizkio gidari lanak Frantziakoari, egun Munduko txapeldun denari. Txistuan eraman ditu guztiak azken kilometro eta erdian, jo ikusgarrian. Ematen zuen Alaphilippek atzoko garaipena berdinduko zuela, eta, atzoko molde berean, taldekidearen laguntzarekin. Baina Pello Bilbaok aurrea hartu dio, eta garaipen historikoa lortu du.

Badu zerbait apirilaren 6an Euskal Herriko Itzulian etxeko txirrindulariekin. Izan ere, iaz, Alex Aranburuk lortu zuen etapa garaipena Sestaon, eta duela lau urte Omar Fraile izan zen azkarrena Eibarren. 1971n, Miguel Mari Lasa izan zen irabazlea gaurko egunez, eta 1981ean, gasteiztartzat hartzen den Juan Fernandezek jaso zituen besoak. Gaurtik beste bat batu zaie: Pello Bilbao.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.