Euskal Herriko Itzulia

Gora eta behera ariko dira gaur ere

Gasteiztik Zamudiora egingo du gaur Itzuliak, laugarren etapan. 185 kilometroko saio aldapatsua izango da, ihesean bidea egiteko egokia. Litekeena da liderrak Gangurenen mugitzea.

enaut agirrebengoa
2022ko apirilaren 7a
07:05
Entzun

Ez dago atseden hartzeko betarik Itzulian. Koskaz jositako etapa ikusgarria jokatu zen atzo, eta gaur ere antzeko ibilbidean ariko dira txirrindulariak. Gasteiztik abiatuko dira, eta Zamudion izango dute helmuga, 185 kilometroko lana osatu ondoren. Tartean, lau mendate gainditu beharko dituzte: Vivero eta Jata, hirugarren mailakoak, eta Urruztimendi eta Ganguren, bigarren mailakoak. Baliteke azken horretan faboritoen arteko lehia piztea, bukatzeko 25 kilometroren faltan igoko baitute. Litekeena da bi borroka ikustea aldi berean, ihesaldian sartzen direnek aukerak izan ditzaketelako tropelari izkin egin eta helmugara iristeko.

Etapa ordekan hasiko dute, eta 65. kilometroan tentetuko zaie errepidea, Viveroko igoerara iristean —’4,4 kilometro eta %7,2ko pendiza—’. Hortik aurrera, maldak bata bestearen atzetik kateatuko dituzte. Jata izango da hurrengo mendate puntuagarria —’9,1 kilometro eta %3—’. Helmugatik 70 kilometrora hasiko dira igotzen. 30 kilometro geroago, aldapa gogorrak aurkituko dituzte Urruztimendin. Igoera laburra da —ez da bi kilometrora iristen—, baina %11koa du batez besteko pendiza. %16ko tarte bat eta %18ko bat ere baditu. Han hankak berotuta iritsiko dira Gangurenera. Sei kilometroko igoera da, eta, oro har nahiko etzana izanagatik, hasieran ia %20ko maldak gainditu beharko dituzte. Min egin nahi duenak han egin beharko du eraso. 20 kilometro izango dituzte gailurretik helmugara.

Elastiko horia beste egun batez defendatzen saiatuko da Primoz Roglic (Jumbo Visma). Sailkapenean Remco Evenepoel (Quick Step) du gertuen: bost segundo eskasen aldea dago bien artean. Hirugarren postuan Aleksandr Vlasov (Bora) ageri da, hamalau segundo atzerago. Errusiarrak hiru postu aurreratu zituen atzo; hamahiru, berriz, Pello Bilbaok (Bahrain). Izan ere, etapa irabazi, eta hamar segundo urratu zituen gainsariei esker. Orain, hemeretzi segundo ditu galduak Roglicekin. Ion Izagirre ere (Cofidis) hamar onenen artean dago: zazpigarren, 20 segundora.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.