Araba Bizirik plataformako kide bati ‘mozal legea’ ezarri diotela salatu dute

Ertzaintzaren zaintzapean dagoen espazio publiko batean egoteagatik aplikatu diote legea, eta gaur deklaratu du Gasteizko epaitegietan. Lurraren defentsan manifestatzera deitu dute maiatzaren 14an.

Araba Bizirik plataformaren agerraldia Gasteizko epaitegien aurrean. ARABA BIZIRIK
Edurne Begiristain.
2022ko apirilaren 12a
13:22
Entzun

Araba Bizirik plataformak agerraldia egin du Gasteizko epaitegien aurrean, han deklaratu behar izan baitu gaur plataformako kide batek. Mozal legea ezarri diotelako deklaratu du epaitegian, Ertzaintzak haren aurkako salaketa jarri ondotik. Araba Bizirik plataformak salatu du «datu faltsuetan» oinarrituta dagoela taldekidearen aurkako salaketa, eta Ertzaintzak «asmo maltzurrez» aurkeztu zuela: «Botere abusua da, sistema patriarkal eta klasista honi aurre egiten dioten pertsona guztien borroka deslegitimizatzeko asmo argia duena».

Kontatu dutenez, Araba Bizirik plataformako kideari mozal legea ezarri diote Ertzaintzaren zaintzapean dagoen espazio publiko batean egoteagatik. «Mendi ibilaldi bat ezin da inorentzat mehatxu izan. Autoritateak horrela ulertzen badu, argi dago sistema honek herritarrak zelatatzea eta mehatxupean edukitzea duela helburu». Salatu dute pandemian hartutako neurrien ondorioz «zaintza eta kontrola areagotu» dela, eta «libreki mugitzeko askatasuna» mugatu dutela. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatu dute, lurraldearen zaintzaren gainetik «enpresa pribatuen interesak» lehenetsi dituelako.

Araba Bizirik plataformaren iritziz, ezinbestekoa da «eremu komunaren» alde borrokan jarraitzea, eta nabarmendu du lanean jarraituko duela beste eragile batzuekin batera «ustiapen eta txikizio politiketatik libre izango den lurralde baten defentsan». Horri loturik, manifestazio batera deitu dute maiatzaren 14rako, Gasteizen, Lurra defendatuko dugu. Tapia Legeari ez lelopean. Bilbo plazatik abiatuko da, 19:00etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.