INGURUMENA

Hondakinak %3 hazi dira Bizkaian urtebetean

Gaikako bilketa tasak gora egin du, %51,2raino

Bilboko kale garbitzaileak hondakinak biltzen, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
2022ko apirilaren 22a
12:05
Entzun

Aurreko urtean baino hondakin gehiago sortu ziren iaz Bizkaian: 638.441 tona zabor guztira. %3ko igoera, 2020ko datuekin alderatuta. Kopuru hori, baina, ez da 2018an eta 2019an zenbatutakora iristen. Bizkaiko Foru Aldundiaren ustez, COVID-19aren pandemiak eragindako ohitura aldaketek lotura izan dezakete gorabehera horiekin.

Bestalde, gaikako bilketak gora egin du. Zehazki, %51,2ra heldu da, aldundiak 2021ean bildutako datuen arabera. Tasa hori aurreko urtekoa baino 1,72 puntu handiagoa da, eta 2019koa baino hamarren batzuk handiagoa. 2019an lehenengoz gainditu zen Bizkaiko Hiri Hondakinak Kudeatzeko II Planean ezarritako helburua: hondakinen %50 gaika biltzea.

Hondakin organikoen bilketan nabaritu dute gorakada; 2021ean aurreko urtean baino hondakin organiko gehiago bildu dira: 2020an %2,37 (13.737 tona), eta 2021ean, %2,8 (16.603 tona). Bizkaiko diputazioak azaldu du, hala ere, igoera horren atzean dagoela gai organikoen bilketan eginiko aldaketak: iazko apiriletik aurrera, landare jatorriko hondakinez gainera, edukiontzi marroian haragi eta arrain hondakinak, gordinak edo kozinatuak, itsaskiak, arrautzak eta horien oskolak, hezurrak eta gazta bota daitezke.

Ontzi arinen bilketaren kopurua 2020. urtekoaren oso antzekoa izan dela gaineratu du aldundiak: iaz 21.532 tona bildu ziren, eta 2020an 21.443 tona. Ohi bezala, gehien bildu diren hondakinak paper kartoizkoak eta beirazkoak izan dira. 2020an aurreko urtean baino 578 tona paper kartoi gehiago bildu dira, guztira 84.632 tona. Beirazko hondakinen bilketan gehikuntza askoz handiagoa izan da: 2019an baino 2.066 tona gehiago, guztira 27.782 tona.

Birziklatze tasak, behera

Iragan otsailean, birziklatze tasari buruzko datuak eskatu zizkion EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari. 2020 artekoak erakutsi zituzten, eta horiek erakusten dute %50eko birziklatze tasaren helburutik oso urrun daudela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako administrazioak.

Hiru herrialdeen udal hondakinetatik %42 joan ziren 2018. urtean birziklatzeko prestaketara, birziklatzera edo konpostatzera. Urte horretatik 2020ra, ordea, %1,1 puntu jaitsi zen birziklatze tasa. Legearen arabera, joerak alderantzizkoa izan beharko luke. 2012an jadanik, Hondakinen eta Lurzoru Kutsatuen Legeak ezarri zuen udal hondakin birziklagarrien %50 berrerabiltzeko prestaketara edo birziklatzera bideratu beharko zirela, «2020a baino lehen». Horrez gain, Europako legediak agintzen du bildutako udal hondakinen %55 birziklatu beharko direla 2025erako; %60 2030erako, eta %65 2035erako.

Hala ere, Eusko Jaurlaritzaren Euskadiko Hondakinak Prebenitu eta Kudeatzeko 2030eko Planak dio betea dutela hondakinak berrerabiltzeko prestaketa, birziklapena eta balorizazioa 2018rako %60raino areagotzeko helburua, %63ko ehunekoa lortu baitu. Emaitza horiek ulertzeko gakoa errausketan dago. Birziklatzeko prestaketaren, birziklapenaren eta konpostaren kopurua soilik kontuan hartu beharrean —%42 izango litzateke —, «balorizazio energetikoaren» ehunekoa gehitzen diete datuei —%23—, eta, horrela, helburuak gainditu direla dirudi.

Europako Batasuneko legediak eta Espainiako Estatukoek, ordea, ez dute errausketa kontuan hartzen birziklatze tasa kalkulatzeko. Izan ere, Jaurlaritzak balorizazio energetikotzat jotzen du errausketa, Bruselak jada 2007an onartu zuen arren zaborrak erraustea ezin dela egon birziklatzearen maila berean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.