Futbola

Vanesa Gimbertek erretiroa hartuko du sasoi amaieran

Athleticeko jokalariak 42 urte ditu, eta 23 denboraldi egin ditu goi mailan, horietatik bederatzi Athleticen. Bost liga eta Espainiako bost Kopa irabazi ditu.

ainara arratibel gascon
2022ko apirilaren 22a
12:37
Entzun

23 urte goi mailan eman eta gero, Athleticeko jokalari Vanesa Gimbertek erretiroa hartzea erabaki du. Bergararra Ligako jokalari beteranoena da: duela egun batzuk bete zituen 42 urte. Azken bederatzi urteetan Athleticen jokatu du, eta aurretik Levanten, Huelvan, Sevillan, Rayon eta Espanyolen jokatu zuen. Bost liga eta Espainiako bost Kopa irabazita doa atzelaria. Azkena 2016an Athleticek lortutako liga izan zen. Talde zuri-gorriarekin 248 partida jokatuko ditu, eta bederatzi gol sartu.

Azken denboraldietan beti esan izan du urtez urte joan nahi zuela jarraitu edo ez erabakitzeko orduan. Duela aste batzuk, Joseba Agirre Athleticeko kirol zuzendariak argi utzi zuen BERRIAri emandako elkarrizketa batean, bai Gimbertek, baita Erika Vazquezek nahi zutenean har zezaketela erabakia, egindako ibilbideak horretarako aukera ematen ziela. Bada, Gimbertek hartu du.

1999an egin zuen debuta Levanterekin. Lau urte eman zituen han, eta ondoren hiruna Sevillan, Rayon eta Espanyolen. 33 urte zituela fitxatu zuen Athleticek. Elastiko zuri-gorriarekin inoiz debuta egin duen jokalari zaharrena da. 2013an egin zuen. Ordutik bederatzi denboraldiz jokatu du talde zuri-gorrian, eta zelaian zein hortik kanpo erakutsitako ezaugarriengatik ikurretako bat izan da. Diziplina, profesionaltasuna eta konpromisoa izan dira haren ezaugarri nagusiak. Eredugarri izan da alde horretatik, eta horrek beste marka bat ezartzeko modua eman zion: 86 partida oso jokatu zituen segidan. Eredu izan da harrobitik igotako jokalarientzat.

Ondo bidean, maiatzaren 15ean jokatuko du bere azken neurketa elastiko zuri-gorriarekin. Lezaman izango da, Sevillaren kontra, eta, Athleticek iragarri duenez, egun horretan «zaleen eta emakumezko futbolaren aitortza» jasoko du osatutako ibilbideagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.