BERA BERA 37-24 AULA VALLADOLID

Donostiarrak, Espainiako Kopako finalerdietara

Bera Berak nagusitasunez irabazi dio Aula Valladolidi Illunben, eta Atletico Guardesen aurka ariko da bihar

Cristina Polonio Bera Berako pibotea, jaurtitzen. JON URBE / FOKU
Julen Etxeberria.
2022ko apirilaren 29a
22:18
Entzun

Super Amara Bera Berak lehen pausoa eman du zazpigarren aldiz Espainiako Kopa irabazteko bidean. Aula Valladolid kanporatuta eman du, eta sendoa izan da, Donostiako taldeak nagusitasunez irabazi baitio gaur Espainiakoari Illunben, Kopako final-laurdenetan: 37-24.

Lehiak ez du etenik, eta lehen pausoa eman ondoren, bigarrena ematen saiatuko da bihar. Atletico Guardesen aurka jokatuko du bigarren finalerdian, 18:30ean (RTVE Play). Galiziako taldeak Granollers kanporatu du gaur: 31-26. Bera Berak eta Guardesek bitan jokatu dute elkarren aurka sasoi honetan, eta bietan nagusitu da Donostiako taldea: 26-33 Galizian, eta 33-24 Gaskan, duela bi aste. Malagak eta Elxek jokatuko dute beste finalerdia, 16:00etan (Teledeporte). Espainiako taldeak Ro’Casa utzi du bidean (26-23), eta Herrialde Katalanetakoak Gijon (26-19).

Lehen partida zaila izan ohi da, eta gaurkoa oso berezia izan da Bera Berarentzat: Illunben aritu da aurreneko aldiz, eta inoiz baino zale gehiagoren aurrean, ia 3.000. Kopa irabazteko faboritoa da ere bai; beraz, inork presioa badu, hark du. Beraz, ikusteko zegoen nola egingo zion aurre horri guztiari.

Baina berehala uxatu ditu zalantza guztiak. Ondo hasi da Aula (2-3), baina Bera Berak ez dio harrotzen utzi. Defentsan estutu, eta segituan irauli du emaitza: 5-3. Elba Alvarezi eta Amaia Gonzalez de Garibayri esker, bisitariek etxekoen lehen oldarraldiari eutsi diote, eta gai izan dira nor baino nor gehiago aritzeko: 8-8.

11. minutuan iritsi da Bera Beraren bigarren oldarraldia, gerora, erabakigarria izan dena. Golak bata bestearen atzetik sartzen hasi dira donostiarrak. Erakustaldia eman dute erasoan, eta horren erakusle izan da jarraian sartutako bederatzi golak bederatzi jokalari ezberdinek sartu dituztela —hamahiru jokalarik sartu dute gutxienez gol bat—. Erasoko eraginkortasun harrigarriari, gainera, defentsako sendotasuna gehitu diote. Ondorioa izan da ohartu orduko, bederatzi golen aldea lortu dutela: 21-12, 27. minutuan. Atsedenaldian, berriz, zortzikoa izan da abantaila. Erabakita zegoen partida.

Etenak ez du ezer eten. Sei golera gerturatu da Aula (22-16), baina Bera Berak beste estutu bat eman du eta hamarrera zabaldu du aldea: 26-16. Ez da azkena izan; hurrengoak hamahiru gol gainetik jarri du: 37-24. Gozatu egin dute etxeko jokalariek, eta gozarazi egin dituzte haien zaleak. Festa izan da Illunben. Nekez izan zezakeen hasiera hoberik Kopak. Ea bihar segida duen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.