Sexu indarkeria

Sei lagun zigortu dituzte baimenik gabe grabatutako sexu bideo bat zabaltzeagatik

Donostian, 2016an, bikote bat grabatu zuten kalean sexu harremanak izaten ari zela, eta akusatuei egotzi diete haien baimenik gabe bideoa Whatsapp bidez zabaltzea. Sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri diete, baina ez dute bete beharko datozen hilabeteetan deliturik egiten ez badute.

Lagun bat beste bati mugikorra erakusten, artxiboko irudi batean. ROB BLAKERS / EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko maiatzaren 2a
15:32
Entzun

Sexu bideo bat Whatsapp bidez masiboki zabaltzea, grabatutako pertsonen baimenik gabe: hori egotzi diete sei laguni Donostian, eta zigortu egin ditu epaileak: sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri die (ez dute bete beharko datorren hilabeteetan deliturik egiten ez badute), baita 720 euroko isun bat ere. Gainera, bideoan ageri den emakumeari 12.000 euroko kalte ordainak ordaindu beharko dizkiote; hark salatu zuen gertatutakoa.

Hasieran, fiskalak urte eta erdiko kartzela zigorrak eskatzen zituen, eta salatzailearen abokatuak hiru urtekoak, 60.000 euroko kalte ordainez gain.

Gertakariak 2016ko uztailaren 30ekoak dira. Goizeko 5:00ak aldera, gertatutakoa salatu duen emakumeak sexu harremanak izan zituen Donostiako Gipuzkoa Plazako arkupeetan, eta pertsona ezezagun batek grabatu egin zituen baimenik gabe. Jarraian, bideoa Whatsapp bidez zabaldu zuen, eta masiboki zabaldu zen.

Aitortu dute

Testuinguru horretan heldu zitzaion bideoa akusatuetako lehenengoari, eta hark beste Whatsapp talde batean zabaldu zuen. Hala heldu zitzaien artxiboa beste bost akusatuei, eta gauza bera egin zuten haiek ere: bideoa taldeetan zabaldu.

Fiskaltzaren arabera, bideoa emakumearen gertukoei ere heldu zitzaien, eta horrek «egoera konprometituan utzi zuen biktimaren irudi publikoa». Akusatu guztiek aitortu dute bideoa jaso eta zabaldu izana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.