PAI

Euskararen aldeko urratsak «oztopatu» nahi dituzte PAI blindatuta, Euskara Aurrera-ren arabera

Ingelesezko programa blindatzeko lege proposamena «euskarafobiaren» erakusle dela diote egitasmoaren bultzatzaileek, eta Kontseiluak larunbaterako deitua duen mobilizazioan parte hartzera deitu dute.

Euskara Aurrera ekinbidearen aurkezpena, apirilaren 6an, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
2022ko maiatzaren 2a
16:36
Entzun

Nafarroan PAI ingelesez ikasteko programa blindatzeko lege proposamenak euskara «are kinka larriagoan» uzten duela salatu du Euskara Aurrera ekinbideak, ohar batean, eta «euskarafobiaren» adierazle dela nabarmendu du. Joan den astean onartu zuten programa hori «egonkortzeko» lege proposamena, Nafarroako Parlamentuan, Navarra Sumaren eta PSNren botoei esker. Eskuineko koalizioak atakan jarri zuen PSN: programa hori hezkuntza eredu bihurtzeko prozedura hastera behartu zuen, eta baldintza onartu egin zuen PSNk.

Euskara Aurrera-ren arabera, Nafarroan «euskararen aldeko pauso garrantzitsuak» eman dira azken urteotan, hala nola D ereduko matrikulazio eskariak igo izana eta zonifikazioa gainditzearen aldeko «gero eta adostasun zabalagoa». Horiei eta halakoei«oztopoak jartzeko saiakera garbia» da PAI indartzeko erabakia, euskararen aldeko ekinbidearen sustatzaileek diotenez.

Horregatik, larunbat honetarako Euskalgintzaren Kontseiluak Iruñean deitua duen manifestazioan parte hartzera dei egin du, bai eta maiatzaren 21erako Euskara aurrera lelopean Donostian egingo dutenean parte hartzera ere. Egitasmoko kideen arabera, azken hamarkadetan «euskara galbidera zeraman joera ustez aldaezina iraultzea» lortu da, baina «Euskal Herria berreuskalduntzeko eta euskara normalizatzeko bideak» mehatxu eta erronka berriak ditu egun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.