Bost eguneko grebara deitu dute Gasteizko kirol instalazioetako langileek

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deitu dute grebara, maiatzaren 10etik 14ra bitarte.

ELAk, LABek, CCOOk  eta UGTk bost eguneko grebara deitu dute datorren asterako, maiatzaren 10etik 14ra bitarte. LAB SINDIKATUA
unai etxenausia
2022ko maiatzaren 3a
16:47
Entzun

Gasteizko kirol instalazioetako eta gizarte etxeetako sorosleek, begiraleek eta kontrolatzaileek bi urte daramatzate lan hitzarmenik gabe. Horregatik, langileen egoera salatzeko, ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk bost eguneko grebara deitu dute datorren asterako, maiatzaren 10etik 14ra bitarte. Sindikatuek argitu dute denbora luzez lan baldintzak hobetzeko negoziazio lanetan aritu direla. «Nahiz eta denbora asko igaro eta bilera ugari egin, enpresek ez diete lan baldintzak duintzeko langileen eskaerei jaramonik egiten», gaitzetsi dute. Halaber, gogoratu dute sinadurak biltzeko kanpaina bat ireki zutela duela bi hilabete, eta dagoeneko 1.400 sinadura baino gehiago bildu dituztela.

Aiteko eta Disport Eki dira gizarte etxeetako kirol jarduerak kudeatzen dituzten enpresa nagusiak. Halere, sindikatuek azaldu dutenez, Gasteizko Udala da azpikontratazio zerbitzu «negargarria» kudeatzeaz arduratzen dena: «Eskaintzarik baxuena aurkezten duen enpresak zerbitzua bereganatzen du. Horrek zuzenean eragiten die langileen lan baldintzei». Eta enpresak aukeratzen dituztenean, «ez dute tarterik langileen baldintzak duintzeko».

Enpresek soldatak bi urtez izoztea proposatzen diete langileei, baina eskaintzen dizkieten soldatek ez dute loturarik KPIarekin. Langileek salatu dutenez, baldintza duinik ez izateak «benetako profesionalizazioa» eragozten du, besteak beste. Era berean, mila euro inguru kobratzen dute langile gehienek, eta Arabako urteko lanaldi luzeenetakoak izan ohi dituzte, sindikatuek esplikatu dutenez. Horrez gain, «esperientzia urteak ez dira konpentsatzen; bajak zigortu egiten dira, eta, kasu askotan, langileak enpresaren esanetara daude».

Enpresaren eta langileen arteko tentsio egoera horren aurrean, hauek dira egoera konpontzeko sindikatuen eskatzen dutena, besteak beste: KPIari lotutako soldatak igotzea, urteko lanaldia murriztea, 1.200 euroko gutxieneko soldata, eta antzinatasun plusa ezartzea. Halere, urte honetarako proposatutako «soldata igoera urria» eta bi urtez horrela mantentzea onartu dute langileek. Ondorioz, «edozein hobekuntza» 2023ra arte atzeratuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.