EHUren Udako Ikastaroetan 154 ikastaro izango dira aukeran

41. aldian, irudi berria estreinatuko dute. Ia ikastaro guztiak presentzialak edo mistoak izango dira.

EHUren Udako Ikastaroen aurkezena, gaur goizean, Bilbon. UIK
Irati Urdalleta Lete.
2022ko maiatzaren 5a
16:50
Entzun

EHU Euskal Herriko Unibertsitateak aurkeztu ditu Udako Ikastaroak. Aurten, 41. aldia izango da, eta irudia berritu dute: UIK izango da. Orotara, 154 ikastaro eskainiko dituzte, eta gaur eman dute xehetasunen berri, Eva Ferreira EHUko errektoreak, Laura Poderoso BBVA fundazioko zuzendariordeak eta Itziar Alkorta udako ikastaroetako zuzendari akademikoak, Bilbon egin duten agerraldian.

41. aldia berrikuntzekin etorriko da: UIK marka aurkeztu dute. Ferreiraren esanetan, aldaketaren erakusgarri da: «Eskaintzaren eta formatuen dibertsifikazioaren erakusgarri da: online, aurrez aurre eta ikaskuntza modalitate hibridoarekin, eragin eremuaren deslokalizazioarekin, nazioarteko ikasle ugari edukiz eta web esperientzia eta erronketan oinarritutako programa eredua eraldatuz». Hain zuzen, aurten ere ikastaro gehien-gehienak Internet bidez ere egiteko aukera egongo da: 30 aurrez aurrekoak izango dira; 120, mistoak; eta lau zuzenean online emango dituzte.

Izenak berak uda aipatzen badu ere, urte osora zabaldu asmo dituzte ikastaroak. Eta aniztasuna egongo da gaietan ere: gobernantza eredu berriak, berdintasuna, digitalizazioa, buru osasuna, zahartzaroa, jasangarritasuna, hezkuntza eta euskal kultura landuko dituzte, esaterako. Baita puri-purian dauden beste gai batzuk ere: kasurako, Ukrainako gerra, eta pandemia eta haren ondorioak.

Izena emateko aukera

Gaurtik irekita dago izena emateko epea, www.uik.eus webgunean. Nahi duen oro animatu dute izena ematera: ikerketako eta mundu akademikoko pertsonei, erakunde publikoei, ikasleei eta, oro har, gizarteari egin diete gonbita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.