Etxebizitza

AZETek «pobreen kontrako gerra» salatu du Bilbon

Zabalgarbin eta Bilboko parke batean egunotan hilotz agertutako bi gizonen kasuak ez dira "zorigaiztoko gertakari isolatuak", sindikatuaren arabera.

AZETek deitutako protesta, gaur iluntzean, Bilboko udaletxearen atarian. MONIKA DEL VALLE / FOKU
2022ko maiatzaren 5a
21:07
Entzun

Dozenaka lagun elkartu dira gaur iluntzean Bilboko udaletxearen atarian, azken 24 orduetan etxerik gabeko bi lagun hil direla salatzeko. AZET Etxebizitza Sindikatuaren izenean egin dute protesta, Pobreen kontrako gerra gelditu lelopean. Izan ere, etxebizitza sindikatuak salatu du bi heriotza horiek ez direla "zorigaiztoko gertakari isolatuak", eta horren erantzuleak seinalatu ditu: "Etxebizitzaren merkantilizazioak hiltzen gaitu, jabetza pribatuak hiltzen gaitu, eta erakundeek, miseriaren kudeaketarekin eta pobreen aurkako gerrarekin, hil egiten gaituzte".

Hildakoetako baten gorpua Zabalgarbiko errauste plantan agertu zen atzo; "hondakinak husteko eta tratatzeko prozesuan", ertzaintzak jakinarazi zuenez. Zabalgarbira zama hustera joandako kamioiekin lanean ari zirenetako batek deitu zuen Ertzaintzara, gorpua ikusi zuenean. Litekeena da kontainer batera lotara sartu izana eta zabor kamioiren batek oharkabean harrapatu izana; beste hainbat kasutan gertatu da hori Bizkaian azken urteotan.

Gaur, berriz, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi du iragan asteartean gizonezko bat hilotz aurkitu zutela Bilboko Casilda Iturrizar parkean, manta batekin estalita. Ertzainek herritar baten bidez jaso zuten abisua; jakinarazi zien denbora zeramala gizonak bankuan, eta ez zela mugitzen. Larrialdi zerbitzuak heldu zirenerako, hilotz zen. Autopsia egitera eraman zuten, baina Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zabaldutako lehen datuen arabera, bortxa zantzurik ez zuen batere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.