TXIRRINDULARITZA

Van der Poelek irabazi du Giroko lehen etapa

Aldapan gora izan da azken esprinta, eta herbeheretarra izan da azkarrena. Biniam Girmay sailkatu da bigarren, eta Pello Bilbao, hirugarren

Mathieu van der Poel, ahalegin betean. GIRO
Julen Etxeberria.
2022ko maiatzaren 6a
17:39
Entzun

Nekez izan zezakeen estreinako hoberik Mathieu van der Poelek (Alpecin) Italiako Giroan. Herbeheretarrak lehen etapa irabazi du gaur, Budapesten hasi eta Visegraden amaitu dena (Hungaria). Aldapan gora izan da azken esprinta, eta halakoetan, espezialista bikaina da Van der Poel. Berriro erakutsi du gaur. Garaipenari esker, lehen maglia arrosa jantzi du. Antzekoa egin zuen iaz, Frantziako Tourrean estreinakoz aritu zen aldian. Bigarren etapa irabazi zuen, eta maillot horia jantzi zuen.

Biniam Girmay (Intermarche-Wanty-Gobert) sailkatu da bigarren gaur, eta Pello Bilbao, hirugarren (Bahrain). Gernikarra oso adi ibili da, eta mesede egin dio Caleb Ewan (Lotto Soudal) azken metroetan erori egin izanak. Bilbao izan da onena Giroa irabazteko hautagaien artean. Haren denbora bera egin dute Wilco Keldermanek (Bora) eta Richard Carapazek (Ineos). Beste faboritoak lau segundora helmugaratu dira. Sailkapen nagusian, berriz, Bilbao hirugarren da, Van der Poelengandik sei segundora. Lau segundo ateratzen dizkie Keldermani eta Carapazi, eta zortzi beste faboritoei.

Mattia Bais eta Filippo Tagliani izan dira eguneko beste bi protagonistak. Drone Hopper-Androni taldeko bi txirrindulariek hasi eta berehala egin dute ihes, eta 180 kilometro pasatxo egon dira lasterketa buruan. Hamar minutu pasatxoren taldea izan dute, baina tropelak helmugarako hamalau kilometroren faltan harrapatu ditu.

Bihar, lehen proba izango dute Giroa irabazteko hautagaiek. 9,2 kilometroko erlojupekoa jokatuko dute Budapesteko kaleetan. Ibilbideak bi zati ditu: lehen zortzi kilometroak lauak dira, eta bihurgune bihurri bat baino gehiago dago; azkeneko kilometro pasatxoa, berriz, goraka da: %14ko pendizako aldaparen bat igo beharko dute txirrindulariek. Beraz, ondo kudeatu beharko dituzte indarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.