CELTA 4-0 ALAVES

Alavesek kolpe handia hartu du Celtaren zelaian

Arabarrek 4-0 galdu dute galiziarren aurka, eta asko zaildu zaie mailari eustea. Aurkariaren menpe egon dira hasi eta buka. Jokalari bat gutxiagorekin amaitu dute lehia

Edgar Mendez eta Javi Galan, lehian. LAVANDEIRA JR / EFE
enaut agirrebengoa
2022ko maiatzaren 7a
21:08
Entzun

Hanka bat Bigarren Mailan du Alavesek. Salbazioa oraindik posible dela diote zenbakiek, baina sinesteko arrazoi gutxi gelditu dira arabarrek Celtaren zelaian jasotako astinduaren ondoren. Irabazi beharreko lehia zuten, jokoan ezer gutxi zeukan aurkari baten kontra; bada, galdu egin dute, eta nola gainera. 4-0eko emaitza berez da gogorra, baina are mingarriago egiten du taldeak emandako irudiak. Premiarik ez balu bezala jardun du, lehen zatian batik bat, eta gainetik pasa zaio Celta. Hiru partidaren faltan, sei puntura gelditu zaizkio mailari eusteko postuak.

Neurketa hasi orduko jaso du lehen gola, alboko sake batean: Braisek eta Denisek jokaldi ederra egin dute, eta azken horren erdiraketa sareetara bidali zuen Galhardok, Laguardiari aurrea hartu ondoren. Gozatua hartu dute etxekoek, Denisen gidaritzapean. Ikusgarri aritu da erdilaria, eta lehen golean parte hartu ondotik, pase itzelak egin ditu arabarren area inguruan. Horietako bati esker sukalderaino sartu da Aspas, baina kale egin du azken pasean.

Lehen hogei minutuak sufrikario hutsa izan dira Julio Velazquezen mutilentzat. Celta azkar eta zorrotz sartu zaio bi hegaletatik, eta erasoan, Edgarren arriskurik gabeko bi saiakera izan dira agerraldirik aipagarrienak. Bere txarrean, Celtak hanka apur bat altxa du lehen zatiak aurrera egin ahala. Baloia patxadaz mugitzen hasi da, hasierako sakontasunik gabe. Zenbait minutuz, lehiari neurria hartzeko itxaropena izan du Alavesek.

Ez dio askorik iraun, 33. minutuan txikitu egin baitu Denisek. Galiziarrak alderi-alde ari ziren mugitzen baloia, barrutik espazioak sortzeko, eta eskuaira eta kartaboia atera ditu erdilariak. Pase milimetrikoa eman dio Aspasi, eta aurrelariak zutoin motzetik sartu dio baloia Pachecori. Atsedenera mirari baten beharrean iritsi dira arabarrak.

Bada, miraria ez, sarraskia izan da bigarren zatian. Alavesek lerroak aurreratu ditu, halabeharrez, eta hutsune asko utzi atzean. Celta zitala izan da. Braisek eta Aspasek aukera garbiak izan dituzte, eta hirugarrengoan, hirugarrena egin du etxeko taldeak. Errematea Cervirena izan da, baina baloiak Ximori jo ostean hartu du aterako bidea. Hegalekoak zelaia utzi behar izan du 64. minutuan, Aspasi kontraeraso batean falta egin eta gero. Hain justu, falta horretan 4-0ekoa egin du Celtaren kapitainak; baloia giza-hesira jaurti du lehenik, baina aldaratzean sareetara bidali. Zerraldo erori da Alaves, eta lanak izango ditu altxatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.