Websailak

‘Polaina’ podcasteko aktoreek ‘Zertako!’ websaila sortu dute

Maialen Sorzabalbere, Amaia Rojo eta Mikel Irazusta dira aktore nagusiak. Nerea Arriolak, Arrate Hernandezek eta Iñigo Serrullak ere parte hartzen dute. Zuzendaria Ekain Arrieta da.

'Zertako!' websaila. POLAINA
urtzi urkizu
2022ko maiatzaren 9a
10:15
Entzun

Bat-bateko umorearen bidetik ekin zioten iazko martxoan Polaina podcastari Maialen Sorzabalbere, Amaia Rojo eta Mikel Irazusta aktore eta sortzaileek. Umore absurdoari helduta zenbaitetan, eta umore beltzagoa eginez beste batzuetan, lehen bi denboraldiak osatu zituzten. Orain, berriz, hirugarren denboraldiarekin batera, fikziozko websail bat sortu dute: Zertako!. Gaur estreinatu dute aurreneko atala.

Tabakalerako 2deo ikus-entzunezko laborategiarekin egindako elkarlana da websaila, Sorzabalberek azaldu duenez. «Astero hiru atal zabalduko ditugu, eta atal bakoitza 3-5 minutu artekoa da». Baina atal horietan ez dira soilik azalduko Sorzabalbere, Rojo eta Irazusta. Garrantzizko rolak jokatuko dituzte Nerea Arriolak —Belarri bero, bai esan? izan da parte hartu duen azken websailetako bat—, Arrate Hernandezek eta Iñigo Serrullak. Ekain Arrieta ari da zuzendari lanetan. Eta kamerari lanetan laguntzen diete Ander Edok eta Saioa Peronak.

Sorzabalberek azaldu duenez, AEBetako The Office telesaila hartu dute erreferente gisa, eta, modu horretan, Polaina podcastaren atzean gertatzen direnak kontatu dituzte, «umore absurdoarekin».

Polaina podcastaren atal berriak igandetan zabalduko dituzte. Eta podcast horren sare sozialetako profiletan (Youtuben, Twitterren eta Instagramen) Zertako! websailaren atalak estreinatzen joango dira.

«Bulegoko tirabirak»
Orain dela gutxi arte ikusi diren euskarazko beste websail batzuen aldean, desberdina da Zertako! Umore bereziz kontatzen ditu «bulegoko tirabirak». Sorzabalberek iragarri duenez, Polaina podcastaren beste aldean ezkutatzen den errealitatea da websailaren eszenatokia. Podcasteko esatariek ez ezik, beste zenbait langilek ere egiten dute lan bulegoan: Arantxa komunikazio arduradunak (Arrate Hernandez) eta Mattin gidoilariak —«nahiz eta podcastean dena inprobisatu egiten den»—. Izaro pertsonaiari dagokionez —Nerea Arriolak interpretatzen du— bertako nagusia sentitzen da, nahiz hala ez izan. Kontua da haren lehengusu batek jartzen duela dirua egitasmoa aurrera ateratzeko.

Bitxia da, baina berriki estreinatu dute laneko tirabirak ardatz dituen beste umorezko websail bat: Bekaduna. UEUren 50. urteurrena ospatzeko sortu dute fikziozko websail hori, eta UEUko langileak aktore ari dira bertan. Bekadun faltsuaren rola, bestalde, Polaina podcasteko esatarietako batek jokatzen du: Mikel Irazustak. Bekaduna-ren lehen atala maiatzaren 3an estreinatu zuten —UEUren Youtubeko kanalean ikus daiteke—, eta hurrengo atalak bi astean behin zabalduko dituzte.

Irazusta, Rojo eta Sorzabalbere, bestalde, oholtza gaineko emanaldiak ere egiten aritzen dira, Barrexerka taldearekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.