Araba Bizirik plataforma

Ingurumen lege berriaren aurkako manifestazioa egingo dute larunbatean Gasteizen

Araba Bizirik plataformak deitu du mobilizaziora. 19:00etan abiatuko da Gasteizko Bilbo plazatik, ‘Tapia legeari ez! Iruzurrik ez!' lelopean.

Manifestazioaren berri eman dute gaur goizean. ARABA BIZIRIK PLATAFORMA
unai etxenausia
2022ko maiatzaren 10a
15:50
Entzun

Araba Bizirik plataformako kideek hilabeteak daramatzate Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Lege berria salatzen –Tapia Legea deitzen diote–. Horregatik, lege berria salatzeko manifestazioa egingo dute maiatzaren 14an, larunbatean. 19:00etan abiatuko da Gasteizko Bilbo plazatik, Tapia legeari ez! Iruzurrik ez! lelopean. Joan den urriaren 23an beste manifestazio bat egin zuten Gasteizen, baina salatu dute «neurrigabe» iristen ari direla proiektu berriak: zentral eolikoak, parke fotovoltaikoak, goi tentsioko lineak, lautada zeharkatzen duen trenbide linearen bikoizketa eta berotegi industrialak, besteak beste. Are, ohartarazi dutenez, «mehatxu horiek areagotu» egin dira azken hilabeteetan, eta «Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza» jaso dute.

Ingurumen Administrazioaren Legea onartzeak Lurralde Antolamenduaren Legea moldatzea ekarri du, besteak beste. Horrekin, Jaurlaritzak hainbat egitasmo «goi mailako interes publikoko proiektu» izendatzeko eskumena irabazi du, eta hark erabakiko du, beraz, proiektu bati izendapen hori noiz eman. Ondorioz, hura onartu edo debekatzeko eskumena galdu dute udalerriek.

Irakurri gehiago: Ingurumen Administrazioaren Legea onartu du Eusko Legebiltzarrak

Enpresek eta inbertsio funtsek zentral eoliko eta zentral fotovoltaiko berriak ezartzen badituzte, Arabako 1.300 hektarea baino gehiago okupatuko lituzkete. Plataformak kritikatu duenez, proiektu horiek «ez dira alternatiba» krisi ekologiko, sozial eta energetikoari aurka egiteko: «Ez dira energetikoki eraginkorrak, horiek garatzeko energia fosil kopuru handiak bideratu behar baitira, eta ez dute energiaren kontsumorako eskubidea demokratizatzen». Inbertsoreek, berriz, azaldu dute «baliabide natural publikoak eta Europatik datozen diru funtsak eskuratzeko modua» direla.

Era berean, abisatu dute gaur egun «frackingaren mehatxua» indarrean dagoela. «EAJk ez dio uko egin egitasmo horri, eta presio egiten jarraitzen du teknika hori gure lurraldean garatu ahal izateko, nahiz eta gizartearen gehiengoaren oposizioa duen gaia izan», gaineratu dute.

Udalen independentzia

Proiektu horiek ezarri ahal izateko, goi mailako interes publikoko proiektu izendatuak izatea besterik ez da beharko, eta egitasmo pribatuak ere halakotzat izendatu ahal izango dira. «Administrazio Batzarrek eta udalek izan behar duten independentziarekiko abusu eta urraketa horren aurka gaudela adierazi nahi dugu», gaineratu du plataformak.

Horren aurrean, «jendearen beharrak kontuan hartzen dituen gobernantza eredu bat» aldarrikatu du plataformak; hain zuzen, erabakiak era deszentralizatuan eta lurrari lotuta hartzeko aukera ematen duena. «Erakunde publikoek proiektu erraldoi horien ezarpena bultzatzeko duten jarrera salatzen dugu», amaitu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.