Granada 1-0 Athletic

Zapuztu da, eta zapuztu dio

Athleticek galdu egin du Granadan, eta ikaragarri zailduko zaio Europarako aukera, bihar Vila-realek eta Realak irabazten badute. Karankaren taldearen jokoak txiki utzi du Marcelinoren jokalariena.

jarraia213197.jpg
Aitor Manterola Garate.
2022ko maiatzaren 10a
23:06
Entzun

Galderaz josita dago Athletic eta ingurua. Hauteskundeen atariko bisajea. Hau bai, hori ez, hura agian. Taldeak gaur Granadan erakutsitakoak —edo ez erakutsitakoak— beste zalantza batzuk piztu ditu. Marcelinok ere izango du zer erantzun. Kale egin dute zuri-gorriek kale egin ezin den garaian, eta lehen ere aurkarien mende bazegoen Europara sartu ahal izateko, orain gehiago. Betis ezin du harrapatu, gaur irabazi egin baitu, eta etzi Vila-realek eta Realak garaipena lortzen badute, lau puntura eta seira egingo diote ihes, bi partida faltako direla.

Horregatik zituen Athleticek beharrezkoak gaurko hiru puntuak, eta horregatik da ulertzen zaila taldeak erakutsi duen jokoa. Eta jokoaren aurretik, Marcelinok egindako hautuek behar dute azalpena. Lesioak direla, txandakatzeak direla, ez du hamaikakorik onena atera Espainiako entrenatzaileak. Galdera bat: nola liteke Iñaki Williams aulkian uztea hain partida garrantzitsuan? Golak sartzen ez da trebea izango, baina aurkarien defentsak nekatzen eta zoratzen abilenetakoa da, bere abiadurarekin.

Ez da kontu hutsala. Granadak jan egin du Athletic une askotan, baloia goian galdu eta presio itogarria eginez. Gauza bera egin du bigarren baloietan. Etxeko atzelariak oso gertu zeuden erdilariengandik, horiei presioan laguntzeko. Itsasargirik ez zeukan aurrean, eta baloia berreskuratu eta atzera jokatu du askotan, etxekoen presioa erraztuz. Lehen zatian, bizpahiru aldiz soilik atera da kontraerasoan Marcelinoren taldea, beste Williamsen bitartez, eskuin hegaletik.
Beste galdera bat: zelai erdia jan dio etxeko taldeak atzo kanpotarra zenari. Karankak hiru jokalari jarri ditu hor, Marcelinok bi, ohi duen moduan, ez baitu sekula santan marrazkia aldatzen. Baina aldatu gabe ere, ñabarduraren bat, zerbait, partida alde batera bideratzen hasi zen egoera aldatzeko. Ezer ez. Entrenatzailea kopeta beltz egon da ia partida osoan, ikusten ari zenarekin haserre, bere buruarekin saminduta, edo jarraitu behar ez duelako minduta.

Hori guztia gutxi ez, eta gola oparitu dio Athleticek Granadari. Baloia atzetik jokatuta atera behar, etekina hutsaren hurrengoa zenean, etxekoek majo estutzen zutelako. Bada, Dani Garciak bizkarrez area barruan egin behar ez dena egin, eta Colladok lapurtu dio. Gola. Bigarren zatian Williams zaharra zelairatuta ere, alferrik.

Vesgak hamarrekin utzi du taldea 85. minutuan. Zarragari balizko penaltia 95.ean, kontraerasoan gola Luis Suarezek, baliorik gabea jokoz kanpokoagatik, eta azken jokaldian, Raul Garciak zutoinera. Pozarren Karanka. Athleticen estiloan irabazi dio Athletici. Zergatik ez Karanka San Mamesen datorren denboraldian?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.