Alaves 2-1 Espanyol

Mailari eusteko aukerekin segitzen dute arabarrek

Alavesek 2-1 irabazi dio Espanyoli, De la Fuenteren eta Escalanteren golei esker. Gaur Cadizek Realari ez irabaztea behar du borrokan segitzeko. Osasunak 1-1 egin du Getaferen kontra.

ainara arratibel gascon
2022ko maiatzaren 11
22:55
Entzun

Alavesek bizirik segitzen du. Oraindik ere aukera du Lehen Mailan geratzeko,  Espanyoli 2-1 irabazi eta gero. Gutxienez bihar arte eutsiko dio aukera horri. Cadizek Donostian egingo duenaren arabera egongo da. Espainiarrek Realari irabaziz gero, Bigarren Mailan egongo da. Bestela, are gehiago handituko da miraria lortzeko aukera, azken bi jardunaldietan Levanteren eta Cadiz beraren aurka jokatu behar baitu. Alaves nagusi izan da Mesede egin dio Espanyolek jokoan ezer ez edukitzea, baina batez ere bigarren zati hasieran epaileak Yangel Herrera kanporatu izana. Ordutik aurrera are nagusiago izan da. Baina Pizarro Gomez epaileak partida amaitutzat eman arte, Mendizorrotzan bildutako zaleek ez dute arnasa hartu. Arabarren golak De la Fuentek eta Escalantek sartu dituzte. Haiek izan dira neurketako jokalaririk onenak, Riojarekin batera.

 Egoera kontuan hartuta, tentsio handiko partida izan da. Zaleek ondo erantzun dute, nahiz eta partida hasi aurretik, protesta gisa bizkarra eman dioten taldeari. Arabarrek hasieratik estutu  dute. Riojaren abisu baten ostean, gola iritsi da etxekoentzat, 7. minutuan. De la Fuentek egin du, bisitariek baloia ateratzeko orduan egindako akats baten ostean. Escalante bizi ibili da baloia lapurtzeko, eta De la Fuenteri eman dio pasea. Erdilariak ondo gurutzatu du baloia.  

Ia erreskadan Escalantek abagune argia izan du bigarrena egiteko, Riojak ezkerretik egindako jokaldi baten ostean. Baina ez du asmatu. Alaves ondo ari zen. Baina denboraldi honetan ohikoa den moduan, opari bat egin du, eta aurkariak aprobetxatu egin du. Tenagliak penalti inozoa egin du. Atzelariak zapaldu egin du Raul de Tomas, eta VARean begiratu ostean Pizarro Gomezek penaltia adierazi du. De Tomasek berak jaurti eta, ez du huts egin (13. min.). Berriro hutsetik hasi behar zuen Julio Velazquezen taldeak. Baina ezin zituen besoak jaitsi. Garaipenak baino ez zion balio.

Eroa izan da partidaren lehen ordu laurdena. Izan ere, epaileak balio gabe utzi dio Alavesi gol bat, Escalantek Diego Lopezi falta egin diolakoan. Hortik aurrera lasaitu egin da apur bat neurketa. Presioan ondo aritu dira arabarrak. Baina erasoan jokaldiak sortzea kostatu zaie. Espanyolek ez zuen ezer jokoan, eta baloi jabetza luzatzen ahalegindu da, patxadaz jokatuz. Hori bai, zelai erditik aurrera dituen jokalarien abiadura baliatu du, eta gertu izan zuen gola Melamedek. Baina Pachecok ondo geratu du.Jokoa sortzeko zituen ezintasunak kontuan hartuta, baloi luzeen eta geldikako jokaldien aldeko apustua egin du Alavesek. Horri esker, pare bat abagune garbi izan ditu De la Fuentek. Lehenbizikoa ia gol arrastoan atera du Calerok, eta bigarrenean, Diego Lopezek ondo erantzun du. Alaves hobea izan da lehen zatiko azken txanpan.

Bigarren zatia hasi eta berehala Espanyol jokalari bat gutxiagorekin geratu da. Yangel Herrera kaleratu du epaileak. Horrek ematen zion abantaila baliatu beharra zuen Alavesek. Lehen zatian baino errazago iritsi dira kataluniarren atera. Batez ere Luis Riojaren hegaletik sortu dute arriskua. 59. minutuan Mendizorrotzako harmailak lehertu egin dira. Jasonek korner bat atera, eta Escalantek gola egin du. Hortik aurrera are nagusiago izan zen Arabako taldea. Tinko segitu hirugarren golaren bila, eta lortzear egon da 78.ean Escalante, Jasonen jokaldi ikusgarri baten ostean. Ez du lortu, eta ondorioz azken unera arte sufritu behar izan du.

Osasunak, bana
Osasunak ere jokatu du. Jagoba Arrasateren taldeak ez zuen ezer jokoan, eta bana berdindu du Sadarren Getaferen aurka. Arreta osoa Oier Sanjurjorengan zegoen, aste honetan iragarri baitzuen ez duela talde gorritxoan jarraituko. Lizarrakoa hasieratik aritu da, eta gainera gol ederra egin du buruz. Hunkigarria izan da. Zaleek haren izena oihukatu dute, eta taldekideek besotan altxatu dute.
Gol horri esker jarri dira aurretik nafarrak. 9. minutua zen. Baina handik hamar minutura Lucas Torro bisitarien erdiraketa bat aldentzen ahalegindu da,  baina bere atean sartu du gola. Lehen zatia amaitu bitarte Getafek estutu egin du, eta batez ere ezker hegaletik buruhauste dezente sortu dizkio Osasunari. Baina nafarrek ondo eutsi diote. Bigarren zatian partidaren erritmoa jaitsi egin da. Hori aldatze aldera, azken 20 minutuetan  Budimir, Moncayola eta Brasanac zelairatu ditu Arrasatek, eta Osasuna nagusi izan da. Baina gauzak ez ziren aldatu norgehiagokan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.