Protestaren ondorioz, Azkarateko lurren enkantea bertan behera gelditu da

ELBk, Lurzaindiak eta Ostia kolektiboak mobilizazioa antolatu dute Baionako Auzitegian, lur batzuen eta etxe baten enkantea salatzeko. «Salmenta espekulatiboa» dela salatu dute.

Baionako Auzitegi aitzinean protesta egin dute ELBk, Lurzaindiak eta Ostiak. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko maiatzaren 12a
17:04
Entzun

Norgehiagoka egin dute Baionako Auzitegian. Azkarateko (Nafarroa Beherea) familia batek oinordekotzan arazoak izan eta beren ondasunak enkantean saltzera behartu ditu Baionako Auzitegiak. Arratsaldean egin dute saioa, baina ELB laborarien sindikatuak, Lurzaindiak eta Ostia kolektiboak enkanteen oztopatzea lortu dute, protesta eginez.

Izan ere, Azkarateko Etxeberria etxea eta lur puska batzuk saltzekoak zituzten egun. Erosle gaiek abokatuen bidez egin dituzte prezio proposamenak. Lehen salmenta multzoa jabeek Baionan duten etxebizitza batekin egin dute; 232.000 eurotan erosi du promotore batek haren abokatuaren bidez. 60.000 eurokoa zen hastapeneko prezioa.

Ondotik, Azkarateko Etxeberria etxearekin egin zuten enkantea. 30.000 eurotan hasi dute norgehiagoka, eta 160.000 eurotan erostea proposatu du erosle gai batek. Orduan, ELBko, Lurzaindiko eta Ostia kolektiboko kideak «Euskal Herria ez da salgai» oihukatzen hasi dira. Oren erdi batez egon dira auzitegiko gelan, eta magistratuek atera behar izan dute harramantzaren ondorioz. Finean, bertan behera utzi dute salerosketa. Dominique Ameztoi, Lurzaindiko kidea honela mintzatu da: «Lurra laborarien tresna da, eta ezin dugu onartu lanjerrean izan dadin prezio ahalkegarrietan saltzen baita. Denek elkarrekin borrokatu behar dugu».

Halere, Baionako Auzitegiak adierazi du enkantea berriz eginen dutela irailaren 8an. Nolanahi ere, ELBko, Lurzaindiko eta Ostiako kideek argi utzi dute bataila segitzeko «prest» direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.