Hezkuntza akordioa sozializatzea «funtsezkoa» dela esan du Bildarratzek

Hainbat eragilerekin bilerak egiten hasia da Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, eta, aurrerapausoak eman ahal izateko, «konfiantzazko guneak» sortzearen garrantzia aipatu du.

Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua. RAUL BOGAJO / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2022ko maiatzaren 20a
13:08
Entzun

Hilabete eta erdi igaro da Eusko Legebiltzarrak hezkuntza akordioa onartu zuenetik, eta, ordutik, Hezkuntza Legearen aurreproiektua lantzen ari da Eusko Jaurlaritza. Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak gaur esan du akordio hori sozializatzea «funtsezkoa» dela, eta, hori bermatzeko, hainbat eragilerekin bilerak egiten ari da. Ikoitz Arrese EH Bilduko Hezkuntza idazkariak egindako galderari erantzunez eman du informazioa Bildarratzek, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan. Arresek sailburuari galdetu dio ea hezkuntza akordioaren ondotik akordio soziala lantzeko asmorik ote duen, «beharrezko» ikusten baitu alderdi politikoen artean dagoen «ilusioa» ikastetxeetara ere hedatzea: «Hezkuntza Lege berria arrakastatsua izan dadin, akordio politikoaz gainera, akordio soziala behar da».

Bildarratzek azpimarratu du hezkuntza «oinarrizko zutabe bat» dela, eta, aurrera egin ahal izateko, «konfiantzazko guneak» sortzearen garrantzia aipatu du: «Elkarrizketa, partaidetza, adostasuna… hori guztia jorratu beharrean gaude, ahalik eta erantzunik egokiena emateko». Dagoeneko hainbat bilera egin ditu hezkuntza arloko eragileekin, eta, aurrerantzean ere, «lan handia» egin beharko dutela aurreratu du. Hala ere, akordioa sozializatzeaz gainera, nabarmendu du alderdi politikoen arteko konplizitatea mantentzea ere garrantzitsua dela.

Hilabeteetako prozesu baten emaitza izan da hezkuntza akordioa, eta, ondo bidean, datorren urteko udaberrirako Hezkuntza Legea onartuta egotea nahi du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.