Kontrabandoa

Amaitu ez den gaueko bidea

Rosa Arburua kontrabandoaz aritu da Beran, Mugerri elkarteak antolatutako saio batean. Etxean entzundakoak hartu ditu oinarri, atzokoak eta gaurkoak erdigunean jartzeko.

Kontrabandista talde bat, Baztanen, Pedro Esarteren Baztango kontrabandistei buruzko liburuan. PAMIELA
edurne elizondo
2022ko maiatzaren 20a
15:07
Entzun

«Solastatu behar da etxean; bertzela, galtzen da iragana». Horixe uste du Rosa Arburua Goienetxek, eta horixe egin du: etxean galdetu eta solastatu, Bidasoaren ondoko herrien historiarekin batera garatu den kontrabandoari buruz. Arburua Goienetxek (Irun, Gipuzkoa, 1961) Etxalarkoa du familia, eta hango eta inguruko kontrabandisten lanaren berri eman zuen, 2010ean, Gau lana. Kontrabandoa Bidasoa aldean izenburuko liburuan (Alberdania). Lan horretan jasotakoak eta bertze hainbat istorio jorratu ditu Beran, Mugerri elkarteak antolatutako saio batean. Pedagogian doktorea da, eta EHUn irakaslea.

Kontrabandoa “betiko” kontu bat da Bidasoan; horixe nabarmendu du Arburua Goienetxek. Sumatzen zaio miresmen puntu bat aurrera egin ahal izateko tabakoa, oihalak, botikak, zapatak eta bertze mugaz alde batetik bertzera garraiatzen zituzten herritarrei buruz ari denean. Izan ere, herritar anitzentzat etxera dirua eramateko edo soldata osatzeko modu bat izan zen kontrabandoa, urte luzez. Bertze maila batean kokatu ditu Arburua Goienetxek kontrabandoaren inguruan osatu diren sareak, zama bizkarrean hartuta gauez alde batetik bertzera ibiltzen zirenekin zerikusi handirik ez dutelakoan.

Wolframaren negozioa

Gaueko lan horrekin zerikusi txikia du, halaber, Arburua Goienetxek aztertutako wolframaren kontrabandoak. “Diktadoreen artean” gertatzen zen hori; Francisco Francoren eta Adolf Hitlerren artean, alegia. Gai hori jorratu du irakasleak iaz argitaratutako Wolframa. Diktadoreen arteko kontrabandoa izenburuko liburuan.

“Espainiak akordio bat sinatu zuen aliatuekin, 1944ko maiatzaren 2an, Alemaniari wolframa ez saltzeko”, azaldu du egileak. Maiatzaren 5ean eta 6an, baina, bost tona wolfram pasatu zituzten Izpegitik. “Hamabost gizon aritu ziren wolframa pasatzen, Erratzutik. Alemaniarrek zaindutako kamioi batera eraman zuten. Espainiak akordioa sinatu zuen Alemaniari ez saltzeko, baina ezkutuan egiten zuen negozioa”, erantsi du Arburua Goienetxek.

Etxekoei entzundako istorioen errealitatetik urrun da wolframaren inguruko kontrabandoa. Jarduera guztiek komunean dute muga, halere. Izan ere, muga horiek ezarri ziren garaitik dago kontrabandoa, eta, kontrabandoarekin batera, jarduera hori zigortzeko legeak.

XVI. mendean, adibidez, urkatuta hiltzera zigortu zituzten mugan kontrabandoan aritu ziren hainbat herritar. Azpilkuetako Maria Tomasa ere gogoratu du Arburua Goienetxek: “1592. urtean harrapatu zuten mugan, Oiartzunera eraman behar zituen bi oihal puska zaharrekin. Zigortu zuten”.

Mugak heriotzarekin eta zapalkuntzarekin ere badu lotura estua. Rosa Arburua Goienetxek oroitu du La Rochelleko (Frantzia) portura ailegatutako esklabo afrikarrak Ziburura eta Urruñara eramaten zituztela, eta, handik, muga zeharkatuz, Espainiako zenbait hiritara. XX. mendean ere, Bigarren Mundu Gerra bukatu eta gero, Portugalgo herritar anitzek bilatu zuten Bidasoak zehaztutako muga, Frantzia alderako bidea egiteko. “Miseria gorrian bizi zirelako, edo Portugalek zituen gerretan soldadu aritu nahi ez zutelako, alde egiteko modua bilatzen zuten”.

Muga ondoko herritarrak aritzen ziren portugaldarren “pasatzaile”. Beti ez ziren asmo onekin aritzen. “Mugatik urrun uzten zituzten, adibidez, Frantzia parean zutela erranez”. Portugaldar anitz zendu ziren Bidasoko uretan. Euren buruaz bertze ere egin zuten zenbaitek, Arburua Goienetxek kontatu duenez. “Estsipenak jota ziren”.

Portugaldarren etsipena gaur egun ere Bidasoak zehazten duen muga zeharkatzea helburu duten herritarrenarekin lotu du Rosa Arburua Goienetxek. Orduan bezala, orain ere ibaiak irentsi egin ditu Bidasoko alde batetik bertzera pasatzen ahalegindu diren zenbait migratzaileren gorpuak. “Orduan bezala, miseriak bultzatuta saiatzen dira muga zeharkatzen, bizimodu hobe baten bila, bertzerik ez”, erran du.

Gaur, Raquel Idoate

Mugerriko kideak duela zenbait urte hasi ziren Berako ondarea ezagutzeko eta zabaltzeko lanean, baina Rosa Arburua Goienetxek eskainitakoa izan da elkarte gisa antolatu duten lehendabiziko hitzaldia.

Bigarrena atzo zen egitekoa, Berako Beralandeta aretoan, 19:00etan hasita: Raquel Idoate Anzinek Emigración de la Navarra atlántica a América (1840-1874) izenburuko bere liburua aurkeztu behar zuen, eta, bereziki, Bortzirietako egoeraren berri eman. Milaka herritarrek egin zuten XIX. mendeko bigarren erdian Bortzirietatik Amerikara bidea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.